argia.eus
INPRIMATU
Juana Rivas, Sara Majarenas eta XXI. mendeko miserikordia etxeez
  • Michel Foucault eta enparauak irakurriz beti pentsatu izan dut Frantziako Iraultzaren ostean kontrola gorputzaren barneraino sartzeko mekanismo gisa antolatu zutela kartzela egitura osoa. Aurretik, zigor publikoa jasotzen zuten araua betetzen ez zuten horiek: urkamendia, eskua moztu lapurrei, borreroak plaza erdian… herritar guztiek zuten aukera espektakulua ikusteko, eta bide batez, agintariek ohartarazi egiten zieten herritar matxinatuei gizalegezko hiritar ez baziren ondorio horiek izango zituztela.

Maider Galardi @MaiderGalardi Klitto! atari digitala @KlittoDigitala 2017ko irailaren 01

Emakumeak, ordea, ez gara sekula izan ez gizaki eta ez legezko. Horregatik, espetxe sistema modernoa sortu baina mende batzuk lehenago, emakumezkoentzako kartzelak egon, bazeuden: Miserikordia etxeak. Alegia, gizonezkoak era publikoan zigortzen zituzten. Andrazkoak, berriz, espazio pribatuan: askatasuna ukatuta. Gerora sortu den espetxe sistema, berriz, erabat patriarkala da mugimendu feministatik behin eta berriro salatu dugun bezala.

Bostehun urte izango dira lehen Miserikordia etxeak sortu zirela, baina, mendeak joan eta mendeak etorri, indartu besterik ez da egin garai hartako galera etxeen logika. Are gehiago, espetxe sistemak aldagai berriak gehitu ditu andrazkoak modu bikoitz edo hirukoitzean zigortzeko. Askatasuna ukatzeaz gain, balio patriarkalen araberako emakume on ez direla oroitarazten die, besteak beste, etxeko laboreak egitera behartuz eta haurrak kenduz. Ezaguna zaigu hori Euskal Herrian. Oraindik entzun ditzakegu haur horien intziriak eta ama horien negarrak Saturrarango hondartzan.

Ez gaude Erdi Aroan, eta ez dira Gerra Zibileko garaiak. Baina, duela zenbait egun Juana Rivasek haren semeak itzuli behar izan dizkio tratu txarrengatik salatu zuen gizonari. Emakumeok ez gara ez gizaki, ez legezko, eta badirudi, legea tartean jarri arren, behartuta egon dela Rivas haren semeak indarkeria matxistaz akusatuta dagoen gizonezko baten eskuetan jartzera. Guardia Zibilen aurrean utzi zituen haurrak, eta hedabide ugarik gizonezkoaren “garaipen” gisa irudikatu dute prozesua. Aske da Rivas, baina, haurrak lapurtu dizkiote eta baldintzapeko askatasuna galtzeko arriskua du fiskalak hori berrikusi behar dela esan baitu berriki. Gainera, bi eta lau urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua du, oraindik epaiketaren zain baitago, haren haurrak erasotzaile batengandik defendatzeagatik. Ez gaude Erdi Aroan, eta ez dira Gerra Zibileko garaiak, baina, Saturrarango kresalaren usaia dario auziari.

Ez gaude Erdi Aroan, baina, duela gutxi Barakaldotik Galiziara ihes egin zuen andre batek haren haurrekin, justiziak eskatzen baitu tratu txarrengatik salatutako gizonezkoak haurren kustodia har dezala. Eta, zer da ba Sara Majarenasen eta Izar haren alabaren patua, Miserikordia etxe batean giltzapetuta egotea ez bada? Ama eta alabak jasan zuten eraso matxista bortitza. Baina, orduan ere, estatuak ez zuen mugimendu txikiena ere egin bi andrazkoen egoera hobetzeko. Aitzitik, Madrilen dira biak, amak haren zigorraren hiru laurdenak bete ditu honezkero, eta Izarrek eskolan hasi beharko luke hemendik hamar egunera. Egoera iraultzen ez bada, Izarrek Madrilen egin beharko ditu haren eskolaratzearen lehen hilabeteak; arrotza zaion hizkuntza batean, eta haren izaera eta identitatea ezkutatuz.

Ez gaude Erdi Aroan, eta ez dira Gerra Zibileko garaiak, baina, Madrilen ere entzun daitezke Saturrarango mojen dotrina saioak eta aro iluneko zarraila hotsak. Bostehun urteren ostean, ez da gizalegerik andrazkoentzako.

Artikulu hau Klitto atariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.