Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Juan Mari Beltran euskal musika tradizionalaren ikerlari donostiarrak jasoko du saria 2025eko udaberrian egingo den ekitaldian. Astearte honetan eman dute irabazlearen berri, sarituak adierazi du “sorpresaz” hartu zuela hautagai izateko aukera eta berdin hartu duela saria bera ere.
Donostiarrak egindako dibulgazio lana aitortu nahi izan du epaimahaiak. Instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen nahiz kokatzen lagundu duela, eta “prestigiorik gabeko” musika tresnei errekonozimendua eman diela nabarmendu dute epaimahaikideek. Saria “karamelo” bat izan dela esan du Beltranek.
Haurra zela hasi zuen Juan Mari Beltranek bere musika ibilbidea Etxarri Aranatzen zuen klarinete eta txistulari gisa, eta Hernaniko Musika Eskolan eman zituen ondorengo urratsak. 1960ko hamarkadan hasi zen musika herrikoia ikertzen eta hedatzen.
Horren emaitza da Oiartzungo Soinuenea Herri Musika Txokoaren ernamuina izango litzatekeen bilduma, zeina 1.500 musika tresna baino gehiagok eta 6.000 argitalpen inguruk osatzen duten. Soinueneako bilduma “kultur transmisioaren esparruan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat” dela azaldu du epaimahaiak. Artxiboa “ibilbidearen errematea eta azken geltokia” izan dela aitortu du Beltranek.