argia.eus
INPRIMATU
Juan Mari Aburto bere onetik atera du Deustuko Gazte Lokala ez ixteko gazte baten eskariak
  • Kalean topo egin eta Deustuko Gazte Lokala ez ixteko eskatu dio gazteak Bilboko alkateari. Eskaeraren aurrean haserretu egin da Aburto, eta honen bizkartzain batek identifikatu egin du gaztea.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 24a
Gazte Lokalaren huste aginduaren aurrean egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Naiz-ek eman du gertaeraren berri. Identifikatua izan den gazteak hedabideari jakinarazi dionez, ostegunean jazo zen gertakaria. Bilboko Alde Zaharreko Unamuno plazako metro sarrerarantz zihoala, EAJren propaganda banatzera hurbildu zitzaion Aburto alkatea. Gazteak, baina, luzatzen zion propaganda orria hartzeko asmorik ez zuela jakinarazi zion, “beraiekin ados ez zegoelako”. Bide batez, husteko agindua indarrean duen Deustuko Gazte Lokala ez husteko eskatu zion. Gazteak jakinarazi duenez, eskari horren aurrean paperak galdu zituen alkateak, eta “leloa eta lotsabakoa” izatea aurpegiratu.

Eztabaida eman bezain pronto, trajez jantzitako gizon bat hurbildu zitzaion gazteari, eta identifikatu zedin eskatu. “Aburtoren bizkartzaina zela ondorioztatu nuen, eta identifikatu nintzen, ezer txarrik egin ez dudala ulertzen baitut”, adierazi dio Naiz-i. Antza denez, isuna jarriko ziotela esan zioten, eta Mozal Legea jarriko ote dioten arduratuta dago gaztea.

Naiz-ek jakinarazi du Aburtoren taldearekin kontaktuan jarri dela, eta hauek esandakoaren arabera ez dutela kontuaren inguruko deklaraziorik egiteko asmorik .