argia.eus
INPRIMATU
Juan Manuel Lopez Peña: “Xabier gainetik kendu dute hitz egin ez zezan”
  • Xabier Lopez Peñaren anaia elkarrizketatu du Mikel Pastor kazetariak Gara egunkarian. Bertan, Juan Manuel Lopez Peñak anaiak jasotako tratu “ez gizatiarra” salatu du. Halaber, autoritate frantsesen kontakizuna ezbaian jarri du. Hona hemen, aukeratutako pasarte batzuk euskaratuta:

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 05
Xabier Lopez Peña presoa martxoaren 30ean hil zen Salpetreireko ospitalean (Argazkia: noticiasdealava.com)

“Tratamendua erabat ezkutuan eraman dute. Bisitaren bat bertan behera utzi behar izan genuen, Xabier familiari ezer esan gabe ospitalera eraman zutelako.”

“Martxoaren 14ean by-passa egin zioten. Informazio hori bost egun geroago iritsi zitzaigun.”

“Hari buruzko informaziorik ez edukitzean, bere abokatu Yolanda Molinak kartzelara deitu zuen, baina han inork ez zekien ezer. Medikuei ere hots egin zien, eta haiek ere ezer ez. Hurrengo egunean esan ziguten Xabier Salpetriereko ospitalean zegoela. Familiako batzuk hara joan, eta iristean, ez zegoen inon. Ez zen ospitaleko erregistroetan agertzen. Azkenean, gelaz gela bilatzen aurkitu genuen, bi jendarmek zaintzen zuten gela batean baitzegoen.”

“Fleuryko ospitaletik Salpetreriererakora bidean zerbait gertatu zitzaion, bere oinez atera eta ‘izorratuta’ iritsi baitzen. Eta ez zen operazioan izan, izan ere, medikuak ‘bikain’ atera zela esan zigun.”

“ZIUra eraman zuten ‘lesio neurologikoa’ dela eta. Handik bi egunera hil zen, eta egun horietan ez genuen bere berririk izan. Hiltzean konturatu ginen delako lesioa garun-isuria zela.”

“Frantziako Gobernuak txakurra balitz bezala tratatu du Xabier, gainetik kendu dute hitz egin ez zezan. Hark bere bikotekideari ohartarazi zion sumarioan aitortzera ez zela iritsiko. Mesfidati zen. Niri duela hiru hilabete zera esan zidan: ‘Nik ez dut nire buruaz beste egingo; zerbait gertatuz gero, badakizue zer den’. Ezkutatu dizkigutenak kontuan hartuta, edozer pentsa liteke. Gure ustez, 2005 eta 2007 urteen arteko negoziazio prozesuko informazioa ezkutatu nahi zuten.”

“Ez dakigu oraindik salaketarik jarriko dugun, baina informazio gehiago ez bazaigu ematen, horren arduradunak egozteko arrazoiak badaude.”