argia.eus
INPRIMATU
Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin
  • Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 14a
Artxiboko irudi batean. Donostiako 79. Musika Hamabostaldirako sortutako kartelarekin. / FOKU

Euskal espresionismoaren adierazlerik handienetako artista garaikidea izan da Juan Luis Goenaga. Asteartez zendu da, Madrilen, gaixotasun larri baten ondorioz, 74 urterekin. Bost hamarkadako obra luze eta aberatsa utzi du artista sortzez donostiarrak.

Txikitatik hasi zen marrazkian, baina ez zuen hezkuntza formalik jaso. Autodidakta zen. Ikastolako eta batxilerreko etapak amaiturikoan, alegia, 18 urteren bueltan, seriotasunez heldu zion pinturari. Teknikarik ez zuen, teknika ikasteko kanpora atera behar izan zuen. Baina Euskal Herriak eman zion gainontzekoa guztia: paisaia. Paisaietatik marrazten zuen. Halaxe esan zion Zeruko Argia-ri 1972an emandako elkarrizketan, Errialde-k egindako galderei erantzunez. Euskal Pintoreen Sari Nagusia eskuratu berri zuen orduantxe, Zelatun lanarekin.

Elkarrizketa horren unean 22 urte zituen Goenagak, eta ordurako hiru urte zeramatzan Alkizako baserri batean bizitzen. Lehenago Parisen, Erroman eta Londresen ibilia zen, eta bere arabera sarri asko paseatu zituen hiriburu horietako museoak. Begiak ondo zabalduta ibiltzen zen, etengabeko ikasketan. Alkizako ingurugiroak ere horixe bera ematen zion. Beraren hitzetan, egunak paseoan eman ostean, gauez ekiten zion margotzeari, inguruan zuen naturaren eta lilura pizten zion mundu mitologiko eta sinbolikoaren bueltan. Baina gris, edo ilun, bederen, pintatzea zuen gogoko Goenagak; inguruko larreen berdea marroixka irudikatzen zuen beste esanahi bat emateko.

Baina ez da paisaiarekin gamen bueltan bakarrik bizi izan. Argazkigintza ere beti aldean eraman zuen, eta egin izan ditu land art kontsidera daitezkeen hainbat lan ere.