argia.eus
INPRIMATU
Juan Carlos Iglesias Chouzas absolbitu dute Estrasburgoko doktrinan oinarrituta
  • Epaiaren esanetan, atxilotu zuteneko inkomunikazio garaian ez zuen izan bere konfiantzazko abokatua izendatzeko eskubiderik eta, ondorioz, magistratuek presoa absolbitu egin dute. Beste auzi batzuengatik espetxean jarraitu beharko du oraindik Iglesiasek.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 13a
Juan Carlos Iglesias Chouzas.

Erabakia Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iragan urtarrilean Xabier Atristrain presoaren kasuan emandako ebazpenean oinarritu da. Orain Espainiako Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioa arduratu da Iglesiasen auziaz eta, Estrasburgoko jurisprudentziari tiraka, argudiatu du Guardia Zibilak ez zuela behar beste arrazoirik eman inkomunikazio aldian Chouzasi konfiantzazko abokatua ukatzeko.

Epaiketa honetan Chouzasi leporatzen zioten 1991n Guardia Zibil bat hil zuela Bilbon, baina magistratuek absolbitu egin dute, baliorik gabe utziz inkomunikazio garaian presoak egindako deklarazioa. Bakarrik hartu dituzte aintzat presoak epailearen aurrean esandakoak.

Joan den martxoan ere Auzitegi Nazionalak berdintsu egin zuen Gorka Palacios presoarekin eta beste hilketa bategatik absolbitu egin zuen, haren aurka jasotako testigantzak ere inkomunikazio aldikoak zirelako.

Eta hemen agertzen da torturaren itzala, ebazpen hauek ez baitute esaten segurtasun indarrek jasotako deklarazioak torturapean lortu zirenik, baina inkulpatuek torturapean egin zituztela diote, eta Estrasburgoko auzitegiak eta orain Auzitegi Nazionalak, baliorik gabe utzi dituzte deklarazio horiek.

Aurrerantzean, beraz, badirudi ildo bereko ebazpenak egingo dituela Auzitegi Nazionalak. Euskal gatazkak iraun zuen hamarkadetan ehunka preso zigortu zituzten urte askotako kartzela zigorrera torturapean jasotako deklarazioekin, eta orain ikusgai dago Estrasburgoko jurisprudentziak nola eragingo dion iragan horri guztiari, bereziki inkomunikazioan egindako deklarazioen ondorioz oraindik espetxean diren presoei