argia.eus
INPRIMATU
Juan Carlos I.aren maitale ohiak dio berearen moduko “ehunka kontu korronte” daudela
  • Espainiako inteligentzia zerbitzuen jarraipenak jasan zituela adierazi dio Corinna zu Sayn-Wittgensteinek BBC kateari.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 21
Juan Carlos I.a. Argazkia: Wikimedia Commons

Espainiako zerbitzu sekretuek errege emerituaren maitale ohiaren Monakoko apartamentua hartu zuten helburu, Corinnak BBC kateari emandako elkarrizketa batean azaldu duenaren arabera. Apartamentuan hainbat dokumenturen bila sartu eta "oso sakon" miatu zuten asteetan. Corinnaren bertsioaren arabera, “heriotza mehatxu anonimo bat” jaso zuen, Monako eta Niza arteko tunelak aipatzen zituena, 1997ko Lady Diren heriotzari erreferentzia eginez. Bere Suitzako apartamentuan “norbaitek printzesaren heriotzari buruzko liburu bat utzi zuen egongelan", azaldu du BBC kate britainiarrak argitaratutako oharrean.

2012an Corinna eta garai hartako CNIko zuzendari zen Félix Sanz Roldanen arteko topaketa gauzatu zen. Sanz Roldán erregearen lagun pertsonala eta konfiantzazko gizona zen, eta honela mintzatu omen zitzaion erregearen amorante ohiari: "Prentsarekin hitz egiten baduzu, ezin dut zure segurtasun fisikoa bermatu, ezta zure seme-alabena ere". Corinnak hainbat elkarrizketa eman ditu ordea, El Mundo eta Vanity Fair hedabideei, adibidez. Hori dela eta, zerbitzu sekretuen jomugan egon da.

Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionala Corinnaren jarduerak "kontrolatzen" dabil 2010etik gutxienez, Espainiako eta Saudi Arabiako Azpiegituren Funtsak (SSIF) porrot egin ostean zehazki. Espainiaren eta Saudi Arabiaren arteko inbertsioen "aldebiko" funtsa zen hori, eta bertan zeuden Ibex35eko eta armagintzaren industriako zenbait multinazional, tartean Navantia, Santa Barbara, Ferrovial, Santander edo BBVA.

Funtsak 4.125 milioi euro zituen azpiegiturak garatzeko, baina ezerezean geratu zen Saudi Arabiako agintarien interes ezagatik. Ondoren, zifra txikiago bat jarri zen mahai gainean, eta OHL edo Sacyr enpresek 15 milioi dolar eman zituzten, Corinnak berak eskatuta: "Dirudienez, hamabost milioi horiek bidean geratu ziren". Corinnaren arabera, “proiektuan lanean ari zen jendearen kudeaketa gastuak estaltzeko”. Ana Romero kazetariak Final de Partidan azaldu duenez, enpresek isiltzea erabaki zuten, baina CNIk Corinna bere radarrean sartu zuen, “erregearentzat eta Espainiarentzat arriskutsua” zela ebatziz.

BBCk ostegun honetan argitaratu duen elkarrizketan erregeak oparitu zizkion 76 milioi dolarrak itzultzea bidezkoa ote den galdetu diote Corinnari. Aristokrata alemaniarrak dionez, Suitzako Fiskaltzak ebatzi beharko du ustezko iruzurraren ondorioz dena itzuli beharko den: "Harrigarria iruditzen zait familiako enpresa baten 40 urteko modus operandia pertsona baten gaineko foku bihurtzen aritzea. Eta pertsona hori ni naiz, baina beste jurisdikzio batzuetan halako ehunka kontu egongo dira".