Horien artean daude, besteak beste, GALen garaian presidenteorde zen Alfonso Guerra, gizateriaren aurkako krimenengatik inputatua dagoen Rodolfo Martín Villa, Jaime Igancio del Burgo eta Mayor Oreja.
Ministro ohiek, erkidegoetako presidente izandako hainbat pertsonalitatek, enbaxadoreek eta bestelako kardugun ohi ugarik Juan Carlos I.aren aldeko manifestu bat sinatu dute. 75ek, orotara. Errege emerituaren “errugabetasun presuntzioa” defendatu dute, epaitegietara joateko beharrizana inondik ere aipatu gabe, eta berrogei urte baino gehiagoko jardunean utzi duen “ondarea” ekarri dute gogora.
Azkenaldian Juan Carlos I.a errege ohiaren jarduera irregularrei buruz zabaldu diren informazioak “errugabetasun presuntzioa” urratu dutela salatu dute sinatzaileek. Borboiaren ekintzek gaitzespena merezi badute, “justizia auzitegiek erabakiko dutela” diote. Euren ustez, errege emerituak “demokraziaren eta nazioaren mesedetan egindako lana” ezingo da inoiz ezabatu. Ustez paradisu fiskaletan gordetako diruagatik zigortuko balute, Espainiako gizartea “esker txarrekoa” izango litzatekeela ohartarazi dute gainera.
Sinatzaileen artean Espainiako demokraziaren izar handienak aurki daitezke, hala nola, GALen garaian Felipe Gonzalezen presidenteorde izan zen Alfonso Guerra eta Argentinako epaitegiek gizateriaren aurkako krimenengatik deklaratzera deitu duten UCDko Rodolfo Martín Villa ministro ohia, besteak beste. Badira politikan aritutako hainbat euskal herritar ere, hala nola, Marcelino Oreja, haren iloba Mayor Oreja, Juan Pablo Fusi edo Jaime Igancio del Burgo.