Espainiako errege emerituak Francisco Franco fundazioaren sortzaileei jakinarazi zien legeek ez dutela baimentzen estatuburuen zein errege-erreginen “memoria iraintzerik”. Aste honetan zabaldu da fiskaltzak Juan Carlos I.aren aurkako hiru ikerketak artxibatzeko asmoa duela.
Espainiako diktadorea hil ondorengo urtean, 1976an, sortu zuten Francisco Franco Fundazioa. Gaur, ostirala, ospatu du 45. urteurrena eskuin muturreko taldeak. Hain zuzen, hasieratik izan da fundazioaren helburua, besteak beste, Francisco Francoren ezagutza zabaltzea, haren bizitza “gorestea” eta “legatua zaintzea”.
Bada, Publico.es egunkariak argitaratu duenez, Juan Carlos I. Espainiako errege emerituak babestu egin zuen fundazioaren sorrera. 1976ko azaroaren 24an errege-etxera joan ziren fundazioko nagusiak, Carmen Franco diktadorearen alaba buru zutela. Bertan, monarkari eskatu zioten Madrilgo El Pardo jauregiko areto batzuk uzteko, frankisten egoitza izan zedin.
Halaber, galdegin zioten esku har zezan “Francisco Francoren figura ospetsuaren kontrako irain eta faltsukerien kanpaina amaitzen laguntzeko”. Fundazioko iturrien arabera, erregeak erantzun zien Espainiako eta edozein estatutako legeek ez dutela onartzen euren estatuburuen eta errege-erreginen “memoria iraintzerik”.
Lapurtuta ere, ez dute epaituko
Juan Carlos I.aren aberastasunaren gaineko hiru ikerketa zabalik daude gaur egun, baina ez luzarorako. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorena hiru kasuak ixteko dekretua prestatzen ari da, errege emerituaren “bortxaezintasuna” argudiatuta. Zerga-iruzurrak eta ustelkeria delituak aztertzen aritu dira, baita nazioarteko zenbait komisio jaso izana ere. Esaterako, ikertu dute ea monarkak 60 milioi euro jaso zituen komisio gisa, Saudi Arabiako abiadura handiko trenaren eraikuntza lanetan esku hartzeagatik, adjudikazioak Espainiako enpresei emanez.
Dena dela, hiru ikerketak artxibatzeko asmoa du Fiskaltzak, hainbat arrazoi dela medio: delitu batzuk epez kanpo daudelako, beste batzuk garai hartan erregeak zuen “bortxaezintasunagatik”, eta Ogasunari bost milioi euro ordaindu zizkiolako aurrez ezkutatutako dirua orekatzeko. Beraz, borboi honek ere ez du auzitegira joan beharko.