Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren ustezko testaferroak, Dante Canónica abokatuak, Suitzako fiskalaren aurrean deklaratu du. Bere esanetan, Borboikoak 2008an Zarzuelan bertan agindu zion Saudi Arabiatik “diru-ekarpen garrantzitsu bat” jasotzeko prestaketekin hasteko.
Espainiako errege-ohiak Saudi Arabiako Meka hirira doan AHTko eraikuntza lanak merkatzeko egindako azpilanengatik jasotako ustezko komisioen afera ari da ikertzen Suitzako justizia; eta gero eta argiago ari da geratzen Juan Carlos Borboi guztiz inplikatuta zegoela agintari saudiarabiarren diru-ekarpen hori ezkutatzeko operazioan.
Dante Canónica abokatuak deklaratu du fiskalaren aurrean, eta El Español atariak deklarazioaren edukiak filtratu ditu. Canónicaren esanetan, 2008an bildu zen Arturo Fasanarekin eta monarkarekin, azken honek zituen asmoak ezagutzeko. Borboikoak azaldu zien diru kopuru garrantzitsu bat jasoko zuela Saudi Arabiatik, eta milioi horiek gordetzeko “azpiegitura bat sortzea” agindu zien. Canónicak deklarazioan azaldu duenez, espainiar erregeari adierazi zion azpiegitura horrek “erabat gardena” izan behar zuela.
Nolanahi ere, auzia ikertzen ari den Yves Bertossa fiskalarentzat oso zalantzagarria da "gardentasun" hori. Bere ustez, Juan Carlos Borboik Fasana eta Canónica erabili zituen testaferro eta kolaboratzaile bezala –Saudi Arabiako enbaxadorearekin birritan bildu ziren AEBetan–, Mekako AHTren komisioak jasotzeko, zehazki 100 milioi dolar, Mirabaud bankuko kontu batean gordeak.
Kontu hori Panaman berariaz sorturiko Lucum offshore fundazioaren izenean zegoen, eta hortik atera zituzten urte batzuetara, 2012an, Corinna Larsen erregearen bikotekide ohiarentzako 65 milioi dolar; baina aristokrataren hitzetan "opari" hori ez zion egin diru beltza gainetik kentzeko –Suitzak urte horretan zuriketa legeak gogortu zituen–, baizik eta “esker ona eta maitasunagatik”.
Lucum fundazioaren onuradun nagusia Juan Carlos I.a zen, eta bigarren onuradun bezala ageri da haren oinordeko Felipe Borboi, egungo Espainiako erregea. The Telegraph egunkariak martxoaren 14an eman zuen horren berri, baina Zarzuelako errege-etxeak aitortu du gutxienez duela urtebetetik zekiela Felipe VI.ak detaile hori.
Espainiako Gobernuak Alarma Egoera ezarri eta egun berean iragarri zuen Felipe Borboik uko egin ziola aitaren herentzia pertsonalari. Ez du zehaztu herentziaren zenbatekoa, ezta haren jatorria zein den ere.