Nafarroako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adostu dute errege emerituaren erretratua kentzea, eta ordu gutxira erretiratu dute, ekainaren 15ean. Mekara doan AHTren eraikuntza lanengatik ustez kobratu dituen komisio ilegalak direla-eta erabaki dute koadroa kentzea. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak frankismoko torturatzaileei kondekorazioak kentzearen aldeko adierazpen instituzionala onartu du.
Nafarroako Parlamentuko Gobernu Gelatik kendu dute Juan Carlos Borboikoaren erretratua. Nafarroako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adostu dute berau kentzea, eta ordu gutxira erretiratu dute, ekainaren 15ean. Ezkerrak planteatu du ekimena Mekara doan Abiadura Handiko Trenaren lanengatik kobratu omen dituen komisio ilegalengatik eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k babestu dute. Navarra Sumak kontrako botoa eman du.
Hemen koadroa kendu duten unea:
Retirado el cuadro retrato del ciudadano Juan Carlos de Borbón de la Sala de Gobierno del @parlamentoNA pic.twitter.com/1zpjJ6xVnj
— Unai Hualde (@UnaiHualde) June 15, 2020
PSNk eta Navarra Sumak kontrako bozka emanda atzera bota dute Diputatuen Kongresuan ikerketa komisio bat eratzearen aldeko puntua. PSNk adierazi du auzitegiak ikertzen ari direnez ez duela beharrezko ikusten lan horri ekitea eta Ezkerrak monarkiari buruzko erreferenduma eskatu du.
Nafarroako Parlamentuak frankismoko torturatzaileei medailak kentzearen aldeko adierazpen instituzionala onartu du ekainaren 15ean. Bertan, Espainiako Gobernuari eskatzen diote frankismoan "giza eskubideekin bateraezinak diren ekintzak egin edo behatu" zituzten funtzionario eta autoritateei kondekorazio denak kentzeko, baita hilda daudenen kasuan ere. Nafarroako Parlamentuak adostutako eskaera hau Espainiako Kongresuak ekainaren 11n egin duenaren bide berean doa: epaitua izan gabe maiatzean hil zen Antonio Gonzalez Pacheco "Billy el Niño"-ri eta beste polizia torturatzaile ezagun batzuei kondekorazioak kentzeko eskatu zuten.
Kondekorazioak kentzean hark dakartzan onura ekonomikoak ere eteteko eskatu du Nafarroako Parlamenduak. Eta 1948 eta 1978 artean emandako noblezia tituluak indargabetzeko.