PSOEk, PPk eta Voxek atzera bota dute Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituaren ustezko irregulartasunak eta Suitzan dituen kontuak ikertzeko batzorde bat sortzeko eskaera. Hirugarren aldia da martxoan hori egiten dutena. ERC, EAJ, EH Bildu, Junts per Catalunya, CUP, BNG, Compromis eta Más País alderdiek sustatu zuten ekimena.
Meritxell Batet buru duen Espainiako Gobernuaren organoa modu telematikoan bildu da, parlamentuko taldeek azken egunetan aurkeztutako ekimenak aztertu eta, kasu bakoitzean, kalifikatzeko.
Juan Carlos Borboikoaren diru-kontuak argitzeko eskaera, hain zuzen ere, martxoaren 19an erregistratu zuten, eta atzera bota dute PSOE, PP eta Vox alderdien botoekin.
Aurretik egindako antzeko saiakeretan bezala, Espainiako Kongresuko abokatuen txostenetan oinarritu dira hiru alderdiak, eta alegatu dute ez dela bidezkoa horiek tramitera onartzea, kontuan hartuta kongresuak ezin duela erregea kontrolatu bere karguan aritzearen bortxaezintasuna dela eta.
Martxoaren 10ean, Espainiako Kongresuko Mahaiak atzera bota zituen antzeko bi ekimen, bata ERCk eta talde mistoak sustatutakoa (Junts per Catalunya, Más País, Compromis eta BNG), eta bestea Unidas Podemosek eta ERCk sustatutakoa.
Uko hori egin arren, ERCk, EAJk, EH Bilduk, Junts per Catalunyak, CUPek, BNGk eta Compromisek beste eskaera bat erregistratu zuten, Kongresuak "Errege Etxeko kideek egindako ustezko ilegaltasunei eta Saudi Arabiarekiko eragin politiko, diplomatiko eta komertzialei" buruzko ikerketak ireki zitzan.
Felipe VI.ak bere aitaren herentziari uko egin ziola jakin ondoren egin zuten eskaera hori, Juan Carlos Borboikoak orain arte jasotzen zuen diru kopuru ofiziala kentzea erabaki ostean, baita Espainiako erregearen telebistako mezuaren aurkako lapiko hotsak ozen entzun ondoren ere.