Martxoaren 1ean Andoaingo Basteron, 19:00etan aurkeztuko du liburua Xabier Lasa egileak. Ia 700 orriko lan honek lantzen ditu Errepublika garaiko euskalgintza, Etxeberriaren biografia eta XX. mendeko Andoaingo bertsolaritza. "Joxinixio paradigma modura ikusten dut, Errepublika garaian dena eman zuelako kausaren alde, bere kasuan, bertsolaritza", adierazi du Lasak.
Aiurri aldizkariak egin dion elkarrizketan, liburuaren egile Xabier Lasa Bergarak argazki bat nabarmentzen du: gerra lehertu baino hilabete lehenago egin zen Andoaingo txapelketan parte hartu zuten hamaika bertsolari ageri dira bertan, tartean, Joxinixio Etxeberria Merdilledi. "Begira ibili arren, ez dut Euskal Herri osoan beste antzeko kasurik aurkitu. Txapelketa hark adierazten du garai hartan Andoainen zer nolako bertso zaletasuna zegoen".
Euskal pizkundea indartsu Andoainen
Liburuaren lehen zatiak lantzen du Lasa Bergararen tesi nagusia: euskal pizkundeak Errepublika garaian (1931-1936) bizitu izan zuela garairik oparoena eta frankismoak bertsolaritzari eta euskalgintzari ekarri zion mina: "Foruak deuseztatu ostean Espainiaren uniformizazio politiko eta kulturalaren mehatxua egiazkoa sentitu izanaren erreakzioz, euskararen eta euskal kultura eta ohituren aldeko mugimendua piztu zen Euskal Herrian, Euskal Pizkundea izenekoa, eta Errepublika garaian jo zuen gaina Aitzolen belaunaldiaren ekimenez".
Garai hartan 4.000 biztanle zituen Andoainek, eta herrian pizkundearen mugimenduak izan zuen loraldiaren adibide dira, liburuak kontatzen duenez, euskaraz jorratu ziren literatura, kazetaritza, antzerkigintza, bertsolaritza...
1936ko kolpe militarrak irauli egin zuen zeharo errealitate hori, hizkuntza bakarra (gaztelania) eta pentsaera bakarra (frankismoa) ezarriz armen bidez: "Ikusi besterik ez dago, euskaltzale asko fusilatu egin zituztela, kartzelaratu beste asko, erbesteratu eta beldurtu. Euskararen alde lanean ari zenarentzat argia zen mezua. Baina, hala ere, frankismo garaian bertsolari batzuek bere eginahalak egin zituzten".
Joxinixio Etxeberria Merdilledi, bertsolari gudaria
Liburuaren bigarren zatiak biografia aztertzen du. Lasa Bergararen hitzetan "euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren zerbitzura jarri zuen bere bertso jarduna". ELA sindikatuaren, ENB baserritarren sindikatuaren edota EAJren mitinetan abesten zuen eta Euskal Herriko bertsolarien txapelketa nagusiko finalean ere kantatu zuen, Txirritak irabazi zuen hartan. Lasa Bergararen hitzetan, "Txirritaren tradizio edo itzala jaso zuen alde batetik, eta bertsoa sagardotegietatik atera eta antzokietara eraman zuen Basarriren modernoagoa bestetik". Errepublika garaian Etxeberriak idatzitako bertsoak aurkitu zituen Lasak El Día egunkarian eta ARGIAn.
Gudari gisa ere nabarmendu zen, sen berezia omen zuen estrategia militarrean eta zelatari edo "espia" aritu zen Bizkaiko frontean: bere etsaien aldera gauez inkurtsioak egiten zituen, karlista edo falangista jantzita. Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzazkoa zen.
Lasa Bergarak aitortu duenez, "pertsonaje zeharo nobeleskoa iruditu zitzaidan. Hil ere oso modu tragikoan hil zen". Artxandako lubakietan hil zuten frankistek Bilboren aurkako ofentsiba handian, metrailadorea eskutan eta euskal aberriaren aldeko oihuak eginez. Bere auzo bereko (Goiburu) karlista ezagun batek baionetaz hil zuela zabaldu zen.
Andoaingo bertsogintza, 1936tik
XX. mendeko Andoaingo bertso munduko beste 53 pertsonaren biografiak bildu ditu liburuaren azken zatiak: "Auzitan jartzera letorke azken hamarkadetan zabaldu den ustea, alegia, Sorozabal eta Mendiluze bertsolariak plazaratu aurretik andoaindarrek apenas egin izan diotela ekarpenik bertsolaritzari". Bertsoarekin era guztietako harremanak dituztenak ageri dira 53 horien artean: plazetakoak, lagunartekoak, sasi bertsolariak, bertso eragileak, bertsozale amorratuak, bertso zaharren kantariak...
Emakumea bakarra, Anastasi Etxeberria: "Emakume bertsolariei ere aipamena egin nahi nien liburuan, baina oso zaila egin zait. Garai hartan bertsolariek taberna eta sagardotegietan abesten zuten batik bat eta bide hura itxita zuten emakumeek. Abesteko gaitasuna zuten emakumeak asko izango zirela uste dut, ordea. Maxartegi baserriko Anastasi Etxeberria, esaterako, aitarekin egongelan aritzen omen zen bertsotan; ateak itxita, beste testigurik gabe. Pasarte horrek asko adierazten digu".
Iragan asteko ostegun eta ostiralean burutu zen ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?’ ikastaroa; 50 lagun elkartu dira jardunaldietan bertsoaren inguruko gaiez gogoeta egiten.
Hiru hilabete iraungo ditu txapelketak eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.
Berregituraketa urtea dugu aurten Bertsozale Elkartean: martxoan lehendakaritza taldea berritzearekin bat, koordinatzaile lanpostua sortzeko erabakia hartu zuten bazkideek Batzar Nagusian. Lanpostu horretara heldu berri da Oier Iurramendi Etxeberria (Donostia, 1990), baina ez da... [+]
Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]
Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin... [+]
Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna du helburu ekimenak; zortzi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.
Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.
Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira taldean, Batzar Nagusian bazkideek bozkatu eta onetsi ondoren.
Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]