Kaxilda liburudendan (Donostia) aurkeztuko dute liburua solasaldi eta guzti. Ekainaren 26an izango da, 19:00tan, eta liburuxka bertan eskuratzeko aukera ere izango da.
Borroka moldeak eta kultura politikoa herri mugimenduetan du izena argitalpen berriak, eta gatazka sozialen inguruko hausnarketan sakontzeko aukera luzatzea du xede.
Borroka moldeak eta kultura politikoa herri mugimenduetan Joxemi Zumalabe fundazioaren herri mugimenduari buruzko bigarren liburuxka da, “2. Harria”. Liburuxka hau gizarteak analisirako izango duen tresna bat izatea nahi du fundazioak: “Liburuxka hau tresna moduan zabaltzea gustatuko litzaiguke. Alde batetik, gaur egun Euskal Herrian gatazkak non eta nola gauzatzen ari diren aztertzeko. Eta bestetik, eskala txikiagoan, gatazken aurrean gure mugimenduaren estrategian pausatzeko galderak egiteko”.
Elkarlana
Argiako kideok, Joxemi Zumalabe Fundazioarekin batera, bideo-elkarrizketa sorta bati ekin genion maiatzean. Herri mugimenduetan gertatzen diren aliantzen inguruko elkarrizketa hauen lehenengo alea Irunen egin genuen. Bertan Lakaxita gaztetxeko eta Irungo harrera sareko kideekin izan ginen solasean.