Hamahiru urte bete bira ETAk Joxemari Korta enpresaria eta Adegiko presidentea hil zuenetik. Urteroko moduan, haren izena daraman fundazioak ekitaldia egingo du Kortaren enpresaren atarian, Zumaian.
Korta Arroa auzoan jaio zen, Zestoan, Erkisketa Goikoa baserrian, 11 anai-arrebako familia abertzalean.
Lehen ikasketak Arroako eta Zestoako eskoletan egin zituen. 1956an Donostiako Apaizgaitegian sartu zen, eta Filosofia eta Giza Zientzia ikasketak egin zituen han. 1966an Apaizgaitegia utzi ondoren, komertzial lanean jardun zuen. 1971. urtean bere bi anaiek sortutako Korta SA enpresan hasi zen lanean.
32 urterekin Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko zuzendaritza taldean sartu zen. 1994. urtean Adegiko lehendakari izendatu zuten, Tomas Aritzetaren ordez, eta 1997. eta 2000. urteetan bere karguan berretsi zuten (iturria: Wikipedia).
Urte horretan hil zuen ETAk bonba-auto baten bidez, Zumaiako Gorostiaga industrigunean, bere enpresaren aurrean.
Berrian irakur daitekeenez, Kortari egingo zaion omenaldian hausnarketa bat ere plazaratuko dute, ETAren su-etenaren ondoren sortu den egoerari buruz. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak egongo dira ekitaldian.