Euskaltzalea, kooperatibazalea eta elkartasun proiektuetan laguntzaile izandako Joxe Ramon Elortza Gorosabel arrasatearra hil da uztailaren 15ean, "lasai eta bere organoak emanez" senideek adierazi dutenez. Gizon maitatua eta askok estimu handian zutena, haren heriotzaren berriak pena handia eragin du.
"Etxekook bihotzez eskertzen dugu egunotan jaso dugun maitasun guztia, oso lagungarri zaigu", adierazi dute senideek, eta gaineratu loreak eta eskelak baino nahiago dituztela ekarpenak bideratzea euskalgintzara eta Mundukidera, "hala nahiko luke berak". Hileta elizkizuna eguaztenean izan da Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokian.
Aitak lan egiten zuen ELMA enpresan hasi zuen bere lan ibilbidea 1967an, eta han zegoela On Jose Maria Arizmendiarrietaren deia jaso zuenu Eskola Profesionalera joateko. Arizmendiarrietarekin izan zuen harremanak asko indartu zuen Elortzak berezko izan zituen balio humanista eta kooperatiboak. Eskola Profesionaleko ikasleen egoitza sortzerakoan, kudeatzaile gisa aritu zen lehen urteetan, eta handik Alecoop-era joan zen, giza baliabideen arduradun izateko.
1980an, kooperatiben mundua utzi eta San Frantzisko Xabier Ikastolaren zuzendari lanetan hasi zen. Bost urte egin ostean, Caja Laboraleko Ikasbide arlora pasatzen da, besteak beste, Tu Lankide aldizkariaren edota Otalorako ekintzen arduradun izateko. Lau urteko jarduna egin ostean Ikerlan enpresan egin zituen ibilbide profesionaleko azken 15 urteak. Bertan aitzindari izan zen enpresa mailan euskararen presentzia indartzeko ahaleginean, eta Ikerlanen esperientzia horretatik beste hainbat enpresek edan zuten.
Euskara zuen maite eta Joxe Aranzabalek gogoan du Arrasate telebistan hasieratik jardun zuela. Beranduago, Goienaren Errektore Kontseiluko kide ere izan zen, eta ohiko kolaboratzailea telebistan zein aldizkarian.
Askotariko elkartasun ekintzetan hartu zuen parte bere bizitzan zehar, baina horietako azken uztailaren 8an izan zen. Debagoieneko Berrikuntza Plataformako bilera batean parte hartzen zebilen, Goi Eskola Politeknikoan. Une batean ondoezik sentitu zen, eta ostean, heriotza eragin dion garun isuria izan zuen.
"Pertsona zuzena, justua, humanista, zintzoa, koherentea, solidarioa, kausa nobleen defendatzailea, langile nekaezina, albokoa laguntzeko beti prest zegoena, Arizmendiarrietarekin batera aritutako kooperatibista amorratua, antolatzailea, eta animatzailea zen Joxerra. Baina, batez ere, euskaltzale eta abertzale peto-petoa, Euskal Herri euskaldun eta independente batekin amets egiten zuena". Hitz horiekin definitu dute senitartekoek.
"Senar, aita, aittajaun, anai, osaba lankide eta lagun eredugarria. Zure bizitza jarraibide ederra izan da guretzat. Harrotasunez beteta gaude ezagutu zaitugonok. gugan zaude eta egongo zara. Zuk askotan esaten zenuen bezala, Aurrera Bolie!".