argia.eus
INPRIMATU
Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikarra itzalpetik berreskuratuko dute Irunen
  • Ekintzaile errepublikar sutsua, igeltseroa, kontratista, zinegotzia, bertsolaria... Eskemak apurtzen zituen gizona izan zen Joxe Mari Lopetegi, 1875ean Irunen jaioa. Haren irudia itzalpean mantendu den arren, argitara ekartzeko ekimen ugari antolatu dituzte ekainera bitarte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko apirilaren 07a

Errepublikanoen mitinetako bertsolari ofiziala izan zen Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean eta frankistek Irun hartu bezperan, Hendaiara jo zuen familiarekin. Erlaitzeko frontean, gainera, sei semeetatik bat galdu zuen –Ekaitza bertso-sorta eskainiko zion geroago, Joseba Tapiak musikatua–. Otarregile aritu zen erbestean.

“Arrazoi ideologikoek” kondenatu zuten Lopetegi itzalpera, bertsolariari buruzko liburua idatzi duen Joxan Elosegiren hitzetan, “apaizak gehiegi maite ez zituelako”. XX. mendearen lehen erdian, bertsogintzaren barruan bertsolari berriaren irudia zabaltzen hasi zirenean, “Lopetegi bezalako bat” ez zitzaiela interesatzen ere uste du Elosegik.

Orain, Lopetegi berreskuratu eta herriari ezagutarazteko, hainbat ekintza antolatu dituzte Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-Tailerreko kideek. Lehenengoa, apirilaren 13an –bertsolaria jaio zen egunean–: Lopetegiri buruz hitzaldia emango du Joxan Elosegik, Oiasso Irungo Erromatar Museoan, 19:00etan. Ondorengo hilabeteetan ere, “bertsolari honi merezi duen lekua” emateko proposamen gehiago izango dira. Eta ekainean, beste hainbat eragilerekin batera,  “herrikoia eta parte-hartzailea izan nahi duen jaialdi batekin eman nahi diogu errematea”, iragarri dute antolatzaileek.

Joxe Mari Lopetegiren bertsoetako bat:

O! Republika maitagarriya

zeñen ederra zeraden,

monarkiakin berreun urtez

iya usteldu giñaden,

erbestetikan etorri eta

borbontarrak nagusi emen,

gure Fuero ta lege ederrak

urayek kendu zituzten,

guria dana galdetzen dizut

eman zaiguzu lenbailen.

 

 

 

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek Lopetegi ezagutaraztea dute asmo.