argia.eus
INPRIMATU
Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasi pedagogia egitasmoaren erreferentea
  • Joxe Mari Auzmendi hil da ostegun honetan, Hik Hasiko koordinatzaile ohia eta pedagogia egitasmo horren sustatzaile nagusietakoa izan zena.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 13a
Joxe Mari Auzmendi 2018ko argazki batean (arg. Foku / Jon Urbe)

Nafarroako Azkaraten jaioa 1954an, txikitan Legazpira joana eta aspaldi Hernanin bizi zena, Hik Hasi aldizkarian eta egitasmo pedagogiko horretan aritu izan zen Joxe Mari Auzmendi urte luzez, haren "arima" izan dela azaldu du Hik Hasik.

Joan den urtean liburua argitaratu zuen Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak izenburupean. Bertan 25 pedagogoren lana eta ekarpenak jaso zituen. ARGIA astekarian iritzi emaile ere izan zen; hona hemen idatzitako aletxoetako bat: Hezkuntza urrats berrien beharrean.

Duela 25 urte sortu zen Hik Hasi, 1995eko irailean argitaratu zuten aldizkariaren lehen zenbakia –2006an Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen hargatik–, eta haren atzean sortzaile eta kide gisa jardun zen Auzmendi, beste eskola eta hezkuntza eredu bat bultzatzen. 1996ko  maiatzean bertan formazioko adarra abiatu zuen egitasmoak, irakurketa eta idazketa konstruktibistaren inguruko jardunaldiekin. Hasieratik euskara eta pedagogia berritzaileak izan ditu Hik Hasik, ortzimuga horietan zeukan jarria begirada Auzmendik.

"Eskola komunitateak indarra hartzen duen ikastetxeetan, gurasoek, ikasleek eta denek protagonismoa hartu eta euren gaitasunetan sinisten denean, sekulako emaitza onak lortzen dira", azaldu zion Mikel Garciari 20. urteurrenaren kari egindako erreportajean.

"Hik Hasiren gorputza eta arima izan da"

Josi Oiarbide irakaslea sorrera hartan zegoen: “Egitasmoagatik baino gehiago Joxe Marigatik batu nintzen ni Hik Hasira eta ni bezala beste asko. Hasiera hartan inork gutxik sinesten zuen euskaraz egin zitekeenik hezkuntza aldizkari bat baina Joxe Marik benetan sinesten zuen baietz eta hasiera-hasieratik transmititzen zuen grinak, pasioak, baikortasunak eta ilusioak erakarri gintuen proiektura. Eta lan ikaragarriaren ondorio da Hik Hasik urte hauetan guztietan egin duen ibilbidea. Hik Hasiren gorputza eta arima izan da”.

"Kohesioa, elkarlana, balio hezitzaileak, euskara, izan dira Joxe Mariren lanaren zutabeak. Kemena, indarra, umorea, zituen herrigintzarako lan tresna. Eta argitasun eta bisio handiarekin ikusten zuen hezkuntza-panorama eta nazio eraikuntza" adierazi du Hik Hasiko lantaldeak. Eta hala ere, zera gaineratu dute: "Joxe Mari ez du bere lanak soilik deskribatzen. Bere goxotasuna, baikortasuna eta gizatasuna izan dira bere izaeraren zigilu, lankideengana eta baita inguruko guztiengana transmititu dituenak. Jendea zaintzen jakin du. Berezia izan da Joxe Mari. Kementsua, indartsua, baikorra eta, batez ere, banatzen gaituenari ez eta batzen gaituenari begiratzen ziona. Plazer bat izan da bizitza zurekin partekatu izana, Joxe Mari".

Azken agurra

Hernaniko Orbegozoko tanatorioan egongo da otsailaren 14an. Eta otsailaren 15ean egingo diote agurra Polloen.