Hik Hasik sustatu eta Hernaniko Udalak diruz lagunduta, Joxe Mari Auzmendik bere ibilbide osoan garatutako lau ildori jarraipena eman nahi die hezkuntza bekak: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea ea inklusioa.
Ostegun goizean aurkeztu dituzte Hernaniko Udaletxean Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren oinarriak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Oier Agirresarobe hezkuntza zinegotzia, Izaro Auzmendi Joxe Mari Auzmendiren alaba eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko Mikel Agirrezabala eta Ainhoa Azpirotz bertan zirela.
Iazko otsailean zendu zen Joxe Mari Auzmendi (Azkarate, 1954 - Hernani, 2020) Hik Hasi egitasmoaren sortzaile eta arima. Haren ibilbidea euskara eta euskal kulturaren, hobekuntza pedagogikoaren, herri hezitzailearen eta inklusioaren inguruan ardaztu zuen, eta aitortza egiteko sortu dute bere izena daraman hezkuntza beka, Hik Hasik sustatua eta Hernaniko Udalak diruz lagundua; "nahiz eta bera ez zen errekonozimendu zalea", azaldu du esker onez Izaro Auzmendi alabak aurkezpenean.
Arestiko lau gai edo ildo horien inguruko proiektuak laguntzeko sortu da beka eta hezkuntza komunitateari zuzenduta dago: ikastetxeak, talde hezitzaileak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herrietako eragile-taldeak. Bi ikasturte iraungo du eta 12.000 eurokoa izango da. Hernaniko Udalaren ordezkari batek eta Hik Hasiko hiru hezkuntza-adituk osatuko dute epaimahaia, eta urriaren 1a arteko epea dago proposamenak bidaltzeko.
Bizitzaren zati handi bat Hernanin igarota, Lertxundi Hernaniko alkateak azaldu du herria eta udala "zorretan" direla Auzmendirekin egin zituen ekarpenengatik, eta egindako bideari jarraipena ematen laguntzea dela modurik onena hori aitortzeko.
Mikel Agirrezabalak, bestalde, Hik Hasiren izenean nabarmendu du "agortzen ez den iturria" zela Auzmendi eta beka hau horren erakusgarri dela: "Hezkuntza herri bat josteko hari gisa ulertzen zuen, eta beti balioetan oinarritzen zen", azaldu du. Familiari eta Hernaniko Udalari eskerrak eman dizkie, eta gogorarazi du hain justu 25 urte bete dituela aurten Hik Hasik; nahiz eta ikasturtean ospatzeko aukera askorik ez duten izan, hezkuntza komunitatea lagunduz amaitzea "ederra" izan da beren ustez.