argia.eus
INPRIMATU
Joxe Agirre: agur eta ohore
  • Joxe Agirre bertsolaria hil zen herenegun. Gaur egingo dute haren omenezko hileta elizkizuna Azpeitian 19:00etan. Estitxu Eizagirrek Gaitzerdi blogean idatzi du eskola zaharreko azken bertsolariari buruz.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2012ko abenduaren 17a
Joxe Agirre (argazkia: Uztarria.com)

Joxe Agirre bertso afari magiko batekin lotuta atxikiko dut oroimenean. 2000 edo 2001ean izango zen, Urrestilan bertsolari gazteen asteburu-pasa egin genuen. Eta larunbata gauerako egitaraua hauxe zen, Agirre eta Lazkanoren bertso afaria. Komedorea gaztez beteta, erdian bi aitonak kantari, eta gaubela ahaztezina.

Bi bertsolariek sekulako saioa egin zuten: gairik inork jarri gabe, elkarri zirikan batzutan, eta elkarrizketan sakon bestetan. Joxe Agirreri emaztea hil berri zitzaion, eta saiotik itzultzean sentituko zuen bakardadeaz kantatu zuen, ahobizarrik gabe. Buruan halakorik ez genuen gazteoi ere iritsi zitzaigun halako sintzeritatez kantatua.

Benetako konexioa sentitu genuen gazte eta gazte izanen artean, elkarrekiko maitasuna eta begirunea.

Bertsokeraz eredu genituen, ahozabalik entzun genuen saioa, bukaerak eta esamoldeak buruan hartuz, eta osteko parrandan batenak eta bestearenak kantatzen jardun genuen.

Bertsolari batek lor dezakeen gauzarik handiena lortu du, ondorengoek bere bertsoak ikasi eta kantatzen jarraitzea.

Loturak:

Jokin Urangak iritzi artikulua argitaratu du Berrian Agirre zena gogoan.