Asteazkenean gertatutako istiluen ondotik lau pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, eta gazte bati masail hezurra hautsi diote pilotakadaz. Bost egunetan hirugarren aldiz oldartu zaie Polizia herritarrei, eta larunbatean errepresioa salatzeko mobilizazioa deitu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak.
Asteazken gauez, ezohiko San Sebastian egunean, istiluak jazo dira Donostian. Iluntzeko 20:00ak pasata, tabernak ixteko orduarekin bat eginez, poliziak agerraldia egin zuen Konstituzio Plazan, ustez Eneko Goia alkateak bandera jaitsi aurretik plaza hustu asmoz. Azken asteetan enegarrenez, liskarra sortu zen poliziaren eta herritarren artean, gauerdira arte luzatu zena.
Borrak eta gomazko pilotak erabili zituen Ertzaintzak, eta pilotakada batez masail hezurra hausti diote pertsona bati Piztu Donostiak jakinarazi duenez:
PELOTAZO BATEK MASAIL HEZURRA HAUTSI PARTE ZAHARREAN. Noiz arte erabiliko ditu Ertzaintzak hilgarriak ez baina larriki zauritzen duten arma mota horiek? Aurpegia jotzen duen pelota norantz botata dago? pic.twitter.com/lEVZUvxdPy
— PIZTU DONOSTIA (@PiztuD) January 21, 2021
Hainbat testiguk jasotako irudietan ikus daiteke Ertzaintzak herritarren aurka izandako jarrera oldarkorra, auzotarren protesta oihu artean:
Pleno Donosti, VERGÜENZA. Nada que añadir. pic.twitter.com/n2QxalkfXT
— Laura (@Laurasanntiso_) January 20, 2021
Naiz hedabideak publiko egin duen bideo batean Ertzain talde bat ageri da, eta ofizialaren hitzak aditu daitezke ondoko agindua emanez: “Jotzera tiro egingo dugu, ados?”.
🔴 [DOCUMENTO SONORO] «Vamos a tirar a dar», orden de la Ertzaintza anoche en la Parte Vieja donostiarra https://t.co/Uc5yUeg0EW Ha ocurrido dos días después del cierre en falso del «caso Cabacas» pic.twitter.com/zJvPcdCrUk
— naiz: (@naiz_info) January 21, 2021
Alde Zaharrean hasitako istiluak, eremua hustu ahala, Bretxa inguruetara hedatuz joan ziren. Gertakizunen ondotik, Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen. Segurtasun sailak zortzi zaurituren berri eman du, denak ertzainak. Alabaina, herritarren artean ere bada zauriturik, larrien zauritutakoa masail hezurra hautsi dioten gaztea izanik.
Segurtasun Sailaren bertsioaren arabera, Konstituzio Plazan zeuden zenbait herritarrek objektuak jaurti zizkien udaltzainei, eta horiek laguntza eskatu behar izan zioten Ertzaintzari.
Alabaina, herritarrak egunak daramatzate Ertzaintza Donostiako Alde Zaharrean burutzen ari den esku-hartzeen inguruan alerta pizten. Bost egunen buruan, hirugarren aldiz egin baitu Ertzaintzak herritarren aurka Alde Zaharrean, larunbat eta igande iluntzeetan ere Trinitate plazan zeuden gazteen aurka oldartu baitzen. Asteburuko gertakizunen ondotik Piztu Donostia plataformak publiko egindako idatzian salatzen zenez, herritarrek etxeratze agindua behar bezala betetzen dute, “bestelako osasun irizpideekin batera”, eta 22:00etarako Alde Zaharra hutsik egon ohi da. Hori horrela, “zertara datoz orduan istiluak sortzen dituen Ertzaintzaren oldarraldi hauek?”, galdegiten zuen plataformak, adieraziz istiluak sortzen direla poliziak gazteak eta haurrak indarrez botatzeari ekiten dionean. “Ertzaintzarik gabe normaltasunez hustutzen da egunero Trinia”, azpimarratu zuten.
Plataformak sare sozialetan seinalatu duenez, Trinitate plazako esku-hartzeen aurrean, gazteak kale-zurrutean ari zirela argudiatu izan du Ertzaintzak. Irudiek, baina, ez dute halakorik erakusten:
IKUSI, IKUSI, IKUSI...
Hau da gaur 21:00etsn Trinian Ertzainek aurkitu duten giro subertsibo eta botelloia...
Diario Vasco eta Ertzaintza gezurretan ari dira...
GEZURTIA BETI HARRAPATZEN DA! pic.twitter.com/4PxA8rDH9q
— PIZTU DONOSTIA (@PiztuD) January 17, 2021
"Argi dago Alde Zaharra eta bertako bizilagunak daudela jopuntuan. Gazteen aurkako kriminalizazio honekin, gazteak bihurtu nahi dituzte pandemiaren bilakaeraren erantzule. Atentzioa desbiatu eta agintari, instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko", egin dute irakurketa.
Ertzaintzak azkenaldian daukan jarrera salatu asmoz, mobilizazioa deitu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak larunbatean. “Errepresiorik ez! Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu” lelopean, manifestazioa abiatuko da Bulebarretik, 12:00etan.