Musikaren industriari kritika egin, eta laguntasunaren garrantzia azpimarratu dute Anne Lukin eta Maren musikariek Acostumbrarme kantuaren bidez.
Duela bi urte ezagutu zuten elkar Anne Lukin (Iruñea, 2001) eta Maren (Bilbo, 2002) musikariek, eta ordutik, pixkanaka lagunak egin dira. Acostumbrarme kanta kaleratu berri dute. "Ez gara txarto egoten artisten artean, baina lagunak izatea gatza da", esan du Marenek.
Zer dela eta erabaki zenuten elkarrekin kolaboratzea?
ANNE LUKIN: Lagunak garelako. Elkar ikusten genuen bakoitzean beti izaten zen deskargatzeko eta gauza onak eta txarrak partekatzeko unea. Azken finean, zoramen honen barruan norbait ondoan nuela sentitzen nuen.
MAREN: Elkar ikusten genuen bakoitzean gure lanbideaz kexatzen ginenez oso natural atera zitzaigun abesti bat egitea. Izan dugun zorteaz eta sentitzen dugun haserreaz hitz egin nahi genuen.
Abestiaren bidez musikaren industriari kritika egiten diozue. Sarerik ehuntzeko lekurik dago?
MAREN: Normalean ez. Beste batzuetan ez bezala, gure artean ez genuen konpetentzia sentsaziorik ezta beharrik sentitu. Batzuetan ez gara artistak sortzen ditugunak horrelako jokabideak, baina talka tontoak topatzen ditugu. Ez gara txarto egoten artisten artean, baina lagunak izatea gatza da.
LUKIN: Zaila da. Hasieran ez nintzen mesfidatia, baina denborarekin mesfidantza garatu dut. Batzuetan badirudi laguna zarela, baina gero ez. Orduan, musikaren industrian lagun bat aurkitzea atseden bat da.
Horren kontra egiten duzue abestian?
LUKIN: Bai, ez dugulako gustuko. Horregatik, sistema guztiaren kontra egiten dugu. Askoz gehiago nahiago dut Marenekin lan egin, txarrera lan egitea baino. Orokorrean, horrelako lan giroak sortzen saiatzen naiz. Halere, giro txarrak ere topatu ditugu.
MAREN: Pertsona batek ideia bat izan duenean berarengatik poztu naiteke; ez dut zertan penstatu zeinen txarto ez zaidalako niri okurritu.
Kantan diozue ez duzuela ohitu nahi; zertara ez duzue ohitu nahi?
MAREN: Ez onera, ez txarrera. Kontzertuz beteriko garaietan ematen du momenturik “onenean” zaudela, eta ongi, baina bihar amaitu daiteke. Gainera, amaitzen da.
LUKIN: Dikotomia batean nengoela sentitzen nuen; hau da, kexatzen naiz, baina aldi berean zorte handia daukat. Zein puntura arte kexatu naiteke?
MAREN: Uste dut horrekin apurtu behar dugula eta kexatu; bestela, berdin jarraituko dugu.
Mesfidantzaz gain, zein beste gauza identifikatu dituzue?
MAREN: Gaztea izateak ez duela laguntzen beti izango zarelako bestea. Hau da, zuk ez dakizu, eta hortaz, zure lana ez da kontuan hartzen. Besterik gabe nahi dutena da eurek gugandik nahi duten ideia atera.
LUKIN: Gaztea eta emakumea izateak eta lehiaketa batetik ateratzeak ez du laguntzen. Promotoreak beti berdinak dira, eta gizonak denak. Baten kontra egiten baduzu, ez dakizu kontzertu gehiago izanen dituzun. Horregatik, jotzen jarraitu nahi baduzu, zaila da sistemaren edo industriaren kontra egitea eta gauzak aldatzea.
“Ezagutu zaitut, eta ihes egin nahi dut”, diozue kantan. Musikaren industriatik egin nahi duzue ihes?
LUKIN: Industriaz eta pertsona jakin batetaz ari gara. Abestia sortu zen gizon nazkagarri bat ezagutu genuelako.
MAREN: Abestia ez da dramatikoa, egoera horretaz barre egin nahi genuelako. Uste duzu Jesukristo zarela, ados, bost ardura guri.
Haserrea adierazteaz gain, zuen arteko konplizitatea ere islatzen duzue, ezta?
LUKIN: Asko kexatzen gara, baina aldi berean kontatzen dugu zein polita den horrelako leku batean lagun bat aurkitzea.
MAREN: Asko disfrutatu dugu abesti hau idazten eta oihukatzen.