argia.eus
INPRIMATU
Josu Zabalak eta Garik Hertzainak taldearen 38. urteurrena ospatzeko kontzertua iragarri dute
  • Kontzertua irailean izango da eta Hertzainak taldearen sei diskoetako abestiak joko dituzte eskainiko duten kontzertu "errepikaezinean".

Hala Bedi @halabedi 2019ko uztailaren 01a
IƱaki Garitaonaindia \"Gari\" eta Josu Zabala, Hertzainak taldeko kide ohiak (argazkia: Hala Bedi).

1981eko Gabon Zaharra zen eta hotz handia egiten zuen Gasteizen. Orduan, The Clash taldearen euskarazko bertsio bat entzuten hasi zen Arabako hiriburuan: hainbat belaunaldi markatuko dituen Hertzainak taldea jaio zen orduan.

Hasierako taldekideak Josu Zabala Ajuriagerra, Kurro, Delfo, Txanpi eta Kike ziren baita Xabier Montoia "Gamma" ere, baina honek 1982ko udan taldea utzi eta Gari sartu zen abeslari gisa.

Lehenengo diskoetan punkaren probokazioa ska eta reggae erritmo dantzagarriekin nahasten zuten, letretan Euskal Herriko gatazka politiko eta soziala islatuz. Esate baterako, Pakean utzi arte kanta, Javier San Martin Goikoetxea Piti Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zenduari eskaini zioten, taldeko kideen laguna baitzen.

1993an taldeak agur esan zuen, Donostiako Anoeta kiroldegian eskainitako emanaldi berezi batekin.

26 urteren ostean, Josu Zabalak eta Garik kontzertu berezia iragarri dute: irailaren 26an Bilboko Euskalduna Jauregian Hertzainak taldearen sei diskoetako abestiak joko dituzte eskainiko duten kontzertu “errepikaezinean”. Emanaldi berezi honi ere izenburua jarri diote: Inun baino alaiagoa izanen da.

Asteazkenean agerraldia eskainiko dute xehetasun gehiago emateko.