argia.eus
INPRIMATU
Josu Zabala, 25 urte Espainiako Estatuak izkutuan duen egiaren bila
  • Egiari Zor Fundazioak martxoaren 26an Etxarri-Aranatzen ekitaldia egingo du, Josu Zabala Salegiren heriotzaren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2022ko martxoaren 24a
Argazkia: Naiz.eus

Josu Zabala ETAko kidea zen eta Debako Punta Mendatan hilik agertu zenetik 25 urte beteko badira ere, kasuak egun argitu gabe jarraitzen duela azpimarratu du Egiari Zor fundazioak. Zabala egun batzuk lehenago desagertu zen, eta ETA erakundearekin zituen segurtasun hitzorduetara ez zen agertu.

Egiari Zor Fundazioak gogora ekarri duenez, Josu Zabalaren gorpuak bihotz aldean tiro bat zuela agertu zen eta berehala iturri ofizialek, bere buruaz beste egin zuela teoria zabaltzen hasi ziren. Abian jarritako ikerketak ordea, teoria ofizial hori apurtzen zuten hainbat froga mahai gaineratu zituen.

"Bihotzean sarrera eta irteera zuloekin bala-zauri bat izan arren, gorpua agertu zeneko lekuan ez zegoen odol arrastorik. Gorpuaren ondoan agertutako pistolak ez zuen Josu Zabalaren aztarnarik, ez odolik ez arrasto organikorik, ez barrutik ez kanpotik. Bularreko zauria eragin zuen bala ez zen bertan edo inguruetan aurkitu. Josu Zabalaren zapatetako lurra aztertu ostean, analisiek baieztatu zuten lur hori ez zela gorpua agertu zeneko tokikoa", gogoratzen du Egiari Zorrek. Autopsiak gorpua aurkitu baino 12 ordu lehenago hil zela ondorioztatu zuen, baina inguruetako biztanleek ez zuten tiro hotsik entzun Josu Zabala hilik agertu zen eguneko gau hartan. "Punta Mendatako ingurua ibilgailuz joateko malkartsua izan arren bai entzun zituzten ordea, ordu txikitan hainbat kotxe ibili zirela Mendatara doan bidetik", aipatzen dute fundaziotik, eta lokien aldean marka gorrixkak zituela ere agerian geratu zen, borobil formakoak.

"Egindako frogen ondorioak aski sendoak dira pentsatzeko iturri ofizialek kasu honi buruz emandako bertsio ofiziala ez dela benetan gertatutakoaren egia", adierazi du Egiari Zorrek, eta 25 urte eta gero "galdera gehiegi erantzun gabe diraute, egia jakiteko garaia" dela gaineratu du Fundazioak.

Ekitaldia larunbata honetan izanen da, Etxarri-Aranatzeko Herriko plazan arratsaldeko 19:00tan.