argia.eus
INPRIMATU
Josu Urrutikoetxeak preso jarraituko du
  • Parisko Dei Auzitegiak euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du. Abokatu nagusia aurka azaldu da, eta auzitegiak arrazoia eman dio. Defentsak erabakia “politikoa” dela adierazi du, eta helegitea jarriko du.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 12a
Josu Urrutikoetxea, artxiboko argazki batean.

Parisko dei Auzitegiak ez dio arrazoia eman Josu Urrutikoetxearen defentsari asteartean egindako auzi saioan. Ugaoko euskal preso politikoak espetxean jarraituko du, momentuz behintzat. Defentsak hiru lerro nagusi garatu ditu Urrutikoetxearen defentsa argudiatzeko.

Urrutikoetxearen abokatu Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce-k prozeduran akatsak eta irregulartasunak egon direla salatu dute. Agerikoena, ekainaren 19an auzitegi berberak Urrutikoetxea libre uztean gertatua: Urrutikoetxea La Santeko espetxetik irtetear zela, presondegian bertan hartu zuen preso berriz ere poliziak, terrorismoaren aurkako ministerio publikoaren aginduz eta Espainiako Estatuaren presioaren ondorioz. Prozeduran oro har Urrutikoetxearen defentsa eskubidea urratua izan dela salatu dute haren abokatuek.

Presoaren osasun egoera larria ere izan dute hizpide. Maiatzean ospitale parean atxilo hartu zutenean, urgentziazko ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. Auzi medikuak esan zuen ebakuntza egitea ezinbesteko baldintza zela espetxeratuta jarraitzeko, eta hala eta guztiz ere lau hilabetez atzeratu dute ebakuntza. Behin egina ere, defentsak adierazi du espetxeratzea ez dela bateragarria Urrutikoetxeak behar duen osasun arretarekin.

Azkenik, baldintzapeko askatasunean irtetekotan ezker abertzaleko militante historikoak ez duela ihes egingo ziurtatu dute abokatuek. Urrutikoetxeari babesa adierazi dioten Frantziako Estatuko pertsona esanguratsuak gogoratu dituzte, artean etxean hartuko lukeen Louis Joinet magistratua. Urrutikoetxeak ihes ez egiteko bere hitza eman du, eta eskumuturreko elektronikoa eramateko prest azaldu da.

Abokatu nagusiak Urrutikoetxea preso mantentzearen alde azaldu da, defentsaren argudio guztiak ukatuz. Auzitegiak bere alde egin du.

Bide judizial luzea

Urrutikoetxearen abokatuek erabakia “politikoa” dela esan dute, eta helegiteak aurkeztuko dituzte. Prozedura eta hitzordu ugari ditu aurretik Ugaoko presoak hurrengo egun eta hilabeteetan. Espainiak bi euroagindu eta bi estradizio eskaera egin dizkio Frantziari. Frantziako Estatuan, bere aldetik, bi epaiketa ditu zain.