Donostiako Zinemaldiak ateak ireki dituenean argitaratu du Berria-k Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa. Azken asteetan zalaparta handia sortu duen berari buruzko filmaz jardun dute batez ere.
Ziburun (Lapurdi) egin dio elkarrizketa Enekoitz Esnaola kazetariak eta bertan aditzera ematen du ez dela gustura geratu emaitzarekin, filmari testuinguru politikoa falta zaiolako: “Azaltzen dena da zer iritzi dudan gertakizun, ekintza gogor batzuen inguruan. Arriskuak hartu nituen, eta hau ez da nik espero nuen emaitza, baina ez naiz haien lanean sartuko. Uste dutena egin dute haiek; nik beste ikuspegi bat daukat, eta beste ideia bat lan horri buruz, baina errespetu osoz esaten dut hori”.
Dioenez, batez ere azaldu nahi zuen gertatutako guztiak azalpen politikoa duela, eta proiektuan parte hartzea erabaki zuenean, hori azaldu nahi zuela: “Gatazka politikoa izan da, bere ondorio latz, gordin eta bueltaezinezko guztiekin. Hori erakutsi nahi nion Espainiako jendarteari. Ez dezatela pentsa, nolabait, gertakizun horietan inork plazer hartzen zuenik. Ekintza politikoak, helburu politikoak zituztenak ziren. Hori erakutsi nahi nuen. Eta horrelako borroka bortitz eta gogor batean dinamika horretan sartzen garenean, alde batetik eta bestetik, bestearekiko enpatia galtzen da”.
Pelikulan, halaber, aitortu du ETAk 1976an hil zuen Galdakaoko alkate Victor Legorbururen hilketarekin zerikusirik izan zuela, eta ea aitortza horrekin helburu zehatzik ba ote zuen galdetuta, ezetz dio, ordu luzez jardun zutela, eta testuinguru horretan atera zela kontu hori.
Bi auzi Espainian
Urrutikoetxeak bi auzi ditu zabalik Espainiako Estatuan, bata Herriko tabernen auzia-ri lotua, eta bestea, 1987an ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel baten aurka egindako atentatua, non hamaika pertsona hil zituzten. Lehenengoan bi urteko kartzela zigorra eskatzen dio fiskaltzak, eta bigarrenean, ETAko zuzendaritzatik atentatua agindu izana leporatuta, 2.300 urte.
Pariseko auzitegiek onartua dute Urrutikoetxearen Espainiaratzea auzi horietan epai dezaten, baina elkarrizketan hark azaltzen duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak oraingoz ez du finkatu epaiketak egiteko datarik. Urrutikoetxearen esanetan, aldiz, bera ez zen zuzendaritzako kide eta ez zuen zerikusirik izan atentatuan.
Laburrean bada ere, egungo egoera politikoaz ere mintzo da elkarrizketan, eta garai interesgarria dela iritzi dio, “mugikorra ere bai, eta ezker abertzalearen azkartasuna eta aurrerapausoak ikusi dira. Baina horrek ez gaitu itsutu behar. Madrilen berriro gobernu aurrerakoia osatuta ere, egoera ez da erraza izango; beste gobernu mota bat badago, askoz zailagoa izango da”.
Uste du giltzarri dela herritarrei aukera ematea “etxearen oinarriak eraikitzeko; herritarrek prozesu luze honen parte hartzaile sentitu behar dute”.