Uztaila bukaera baino lehen ez dute askatuko eta eskumuturreko telematikoarekin Parisen jarriko da bizitzen, Frantziak egingo dizkion bi epaiketak burutu artean. Auzitegi berak atzera bota du Espainiako Gobernuaren euroagindu eskaera.
Uztailaren 20rako aztertu beharko du La Sante kartzelak teknikoki nola gauzatu epaileen erabakia eta auzitegiak uztailaren 29an berretsi beharko du kartzelaren planteamendua. ETAren azken agiria irakurri zuen preso politikoak eskumuturreko telematikoa eraman beharko du eta Parisen jarriko da bizitzen, Berria-k jakitera eman duenez. Etxe horretatik ordutegi jakinetan atera ahalko du eta mugikortasuna baldintzatuta izango du, Naiz-ek zehaztu duenez.
Atzo, uztailaren 1ean, Urrutikoetxearen defentsa daramaten Laure Heinich eta Lauren Pasquet-Marinacce abokatuek bere adina (69 urte ditu) eta osasun egoera delikatua erabili dituzte argudiotzat baldintzapeko askatasuna eskatzeko. Preso politikoari ebakuntza egin zioten iragan irailean, hiru hilabeteko atzerapenarekin. Fiskalak ere Urrutikoetxea askatzeko eskatu du, adieraziz Urrutikoetxeari Frantzian egingo zaizkion bi epaiketen zain ez duela kartzelan egon beharrik eta ez dela egokia Espainiako prozedurengatik (bi euroagindu eta beste bi estradizio eskaera) preso izatea Frantzian. Eskumuturreko telematikoa ezartzea eskatu du eta hiru epaileek bat egin dute fiskalarekin, gaueko 22:30ean jakinarazi dutenez.
2019ko maiatzean atxilotu zuten Josu Urrutikoetxea Frantziako Alpeetan, eta geroztik preso dute La Santen. Dei Auzitegiak urte horretako ekainean erabaki zuen euskal preso politikoa kontrol judizialarekin libre uztea baina Espainiako Gobernuak eskatutako euroaginduak direla-eta ez zuten askatu. Geroztik lau aldiz ukatu dute auzitegiek defentsaren baldintzapeko askatasun eskaera. Koronabirusaren arriskua dela-eta, La Santeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen baina honi ere ez zioten jaramonik egin.
Espainiak 2015eko urritik auzipetua du Urrutikoetxea 2006ko Barajasko atentatuan "gizateriaren aurkako krimenagatik", Urrutikoetxea 2005etik 2007ra ETAko taldeko politikoaren buru zela jota eta euroagindua eskatua dio Frantziari horregatik. Atzoko saioan Dei Auzitegiak atzera bota zuen agindu hori, kontu teknikoengatik.
ETAko zuzendaritzako kidea izatea egozten dio epaiketa batean, eta 2011 eta 2013 artean Oslon elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatea leporatzen dio bestean.