argia.eus
INPRIMATU
Josu Urrutikoetxea bi epaimahairen aurretik pasako da ekainean
  • Azken bi saioetan egon ez zela-eta, Frantziako botere judizialaren aurrean berriz epaitu dezaten eskatu du Josu Urrutikoetxea ETAko militante izandakoak .

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 04a
Josu Urrutikoetxea, artxiboko argazki batean.

Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea Goi Savoiako Sallanches herrian, Frantziako Alpeetan. Pariseko La Santeko espetxean da ordutik, bi kartzela zigor ezarriak zituelako.

Justizia iturriei aipamena eginez EFE berri agentziak jakinarazi duenaren arabera, ekainaren 19an Parisko Apelazio Auzitegitik igaroko da Urrutikoetxea, ETAko zuzendaritzako kidea izate leporatuta zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen duen 2010eko sententzia baten harira. Ekainaren 28an, aldiz, Parisko Auzitegi Korrekzionalean izango da, 2011tik 2013ra bitartean Norvegian ETAko ordezkaritza politikoan parte hartzeagatik 2017an ezarritako zortzi urteko espetxealdi eskaeraren bueltan.

Babes manifestua

Josu Urrutikoetxearen atxiloketa dela eta, bere askatasuna eskatuz manifestu bat sinatu dute munduko politika arloko hainbat izen handiko pertsonek, Liberation egunkarian publiko egin zutena.  Beste batzuen artean, Slavoj Zizek filosofo marxista esloveniarrak, Helene Franco politikari frantsesak eta Noam Chomsky pentsalari estatubatuarrak.