Espainiako Espetxe Zuzendaritzak Iosu Uribetxebarriaren bideo bat igorri dio Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari, baldintzapean aske geratzeko baldintzak hautsi ote dituen ikertzeko. La Gaceta egunkariko kazetari batek grabatu eta Intereconomía telebista kateak zabaldu du bideoa. Egindako mina aitortu arren, damurik ez duela esaten dio Uribetxebarriak, bere burua Garako langile moduan aurkeztu duen kazetariari.
Arrasatearra bere etxeko ate aurrean harrapatu zuen kazetariak. Osasun egoerari buruzko hitz batzuen ostean, damurik ba ote duen galdetu zion. Kazetaria Garakoa ez zela konturatu zen orduan Uribetxebarria.
Arrasatearra baldintzapean aske geratu zen iazko irailean, bere osasun egoeragatik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak hartutako erabakiak ika-mika sortu zuen Jose Luis de Castro epailearen eta fiskaltzaren artean, eta presoak kartzelan jarraitzea desio zutenak haserretu zituen.