Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo dira datozen hiru asteetan ere Azkainen, Urruñan eta Donibane Lohizunen.
Zein ondorio atera duzu egindako zirriborrotik?
Zirriborroa horixe da, zirriborroa, eta hortik ez da ateratzen ondoriorik. Askotan gertatzen den bezala, hasieran baino galdera gehiagorekin bukatzen duzu. Miranderen gaiak, azken finean, gai unibertsalak lantzen ditu: hasi autorea eta obraren arteko harremanetik eta adierazpen askatasuneraino. Ez dago behin-betiko ondoriorik eta galderak egiten laguntzen badu, horrekin gelditzen naiz.
Baina zu zein helbururekin joan zinen dokumentala egitera.
Miranderen inguruan beti egon dira debate ugari. Bai bizi zenean, bai gero ere salaketa asko egin zaizkio, asko hitz egin da hari buruz, baina berak zer esaten zuen? Helburua, beraz, Miranderi hitza ematea izan da. Hori da ardatza. Arazo bakarra zen 50 urte zeramatzala hilda.
Mirande pertsona polemikoa izan da beti, bai bizi zenean, bai hil ondoren ere. Bizi izan zenean, oro har, ez zen ulertua izan. Gaur egun gehiago ulertzen da?
Ulertzea ez dakit den hitza, baina Mirande beti irakurtzen da bizi garen garaitik, eta garai batetik eta bestetik desberdin irakurtzen da. Mirande ez da aldatu, baina gu bai, horregatik, uste dut Miranderi buruz hitz egitea geure buruari buruz hitz egitea ere badela.
Zuk zer deskubritu duzu Miranderi buruz?
Gauza asko, pelikulan ikusten den bezala, baina hari buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta ezezagunago egiten zait. Joxe Azurmendik idatzi zuen bezala, azaleko zikinkeria horren azpian badago Mirande izugarri interesgarri bat, “magikoa” esaten zuen berak. Koldo Mitxelenak eta Gabriel Arestik ere esan zuten ez diogula sekula eskertuko egin zigun oparia, eta guztiz ados nago. 1950eko hamarraldiko zenbat idazleren lanak zaizkigu oraindik gaurkotasunezkoak? Bere belaunaldiko idazle askoren lanak irakurtezinak zaizkigu, horietako asko oso gaizki zahartu dira, baina Miranderen obra oraindik oso gaur egunekoa da.
Mirandek pedofiliaz idatzi zuen, baina ez dakigu bere pedofiloa zen. Badakigu, aldiz, nazismoaren zalea zela eta arrazakeria ere aitortu zuen; abertzalea zen, baina bere garaiko ezker zein eskuineko abertzaleen ukatzaile, 20 hizkuntza ere bazekizkien... Figura oso konplexua zen.
Hala da bai. Martetar bat zen [irri egiten du Josuk]. Garaiz kanpo eta lekuz kanpo bizi izan zen eta beranduago bizi izan balitz beste bizitza bat izango zukeen, baina garai hartan ez zuen lekurik ez Euskal Herrian, ez Parisen. Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe.
Non gehiago ikusi ahal izango dugu pelikula datozen hilabeteetan?
Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, Hazparnekoan ere egon zen eta udazkenean Iparraldeko zinemetan pantailaratuko dute. Apirilean Baigorrin egin dira emanaldia eta mahai-ingurua. Horrez gain, pelikularen eskubideak ETBk dauzka duela urtebete baino gehiagotik, baina ez dakit noiz eta nola emango duen.