Mario Fernández eta Mikel Cabiecesek ostiralean deklaratuko dute fiskalaren aurrean ordainketa bidegabeen kasuaz.
Otsailaren 6an zita bat dute Mario Fernández Kutxabankeko presidente ohiak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko delegatu ohiak Bilboko fiskal Carmen Adanekin. Azaldu beharko dute zergatik agindu zuen Fernándezek abokatu bulego baten bidez hilean 6.000 euro ordaintzea Mikel Cabiecesi.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak prentsaurrean azaldu du “harrituta” hartu dutela Kutxabankek bere presidente ohia fiskaltzaren aurrean salatzeko hartutako erabakia. Bere hitzetan “hedabide sozialen” bidez izan du Jaurlaritzak horren berri.
Erkorekak nabarmendu du bankua bera izan dela salaketa jarri duena eta horrek bere “zorroztasuna” agerian uzten duela: “Ez dira konparagarriak Kutxabank eta CANen egoera”. Bozeramailearen ustez bereizi behar dira “erantzukizun politikoa eta finantza erakunde baten eguneroko gestioa”.
Nolanahi ere, auzi honek lehen planora ekarriko du berriz ere bankuaren kontrol publikoaren eztabaida.