Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak Donostiako Norteko geltokiaren birmoldaketa proiektua aurkeztu zuten astelehenean, Donostiako udaletxean. Obraren helburua Abiadura Handiko Trenari sarbidea ematea da eta horren ardura Eptisa/Cinsa ingeniaritza-Jon Montero aldi baterako enpresen elkarteari esleitu diote.
2019an hasiko dituzte lanak eta horretarako 861.000 euroko aurrekontua gorde dute. Printzipioz, hamar hilabetean burutzeko. Geltokiaren estalkiak 5.788 metro koadro izango ditu eta handik Tabakalerara sartzeko aukera izango da. Espazio hori plaza bilakatzea da asmoa.
Eptisa/Cinsa
Eptisa/Cinsaren Administrazio Kontseiluko presidentea Josu Bergara Etxeberria da. Eusko Alderdi Jeltzaleko kide ezaguna da eta hainbat ardura politiko publiko izan du bere gain: 1991tik aurrera Jose Antonio Ardanzaren gidaritzapeko Jaurlaritzan Garraio eta Obra Publikoen sailburua eta 1995-2003 bitartean Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan zen, besteak beste. 2003tik aurrera politika instituzionaletik kanpo aritu da. 2008ko martxotik aurrera da Eptisa/Cinsako Kontseiluko presidente.
Bidegi kasuren harira salaketa jarri zuen aurreko legegintzaldiko Gipuzkoako Aldundiak hainbat ordezkari politiko eta enpresaren aurka. Enpresa hHorietako Eptisa/Cinsa da. Ap-1eko obren zati baten zaintzaren ardura zuen Eptisa/Cinsak eta tramo horretan erabilitako diru publikoaren ustezko erabilera okerrarengatik salatu zuten. Orotara, bi kereila kriminal aurkeztu zituzten AP-1 autobideko obrei lotuak. Egun auzi horrek irekita jarraitzen du eta epaitegietan dago noiz argituko zain.
Fabore trukea
Gipuzkoako Aldundiko aurreko gobernuaren eledun Larraitz Ugartek (EH Bildu) 2015ean salatu zuen zenbait euskal enpresatako Administrazio Kontseiluen osaketak “ulergaitzak” direla. Mario Fernandezen “Cabieces auzia” pil-pilean zen artean. Ondorengo egunetan Garak gehiago zehaztu zituen Ugarteren adierazpenak eta argitaratu zuenez, Eptisa/Cinsa enpresaz ari zen Ugarte, eta zehatzago, PSE-EEko Iñaki Dubreuil Churruca Eptisa/Consako Administrazio Kontseiluko kideaz. 2011ko urtarrilaren 24tik da kontseilukide, egun horretan Joseba Andoni Leizaolaren (EAJko kide historikoa) lekua hartu zuen. 2001ean ETAk Dubreuil zauritu eta Elektra enpresako bi langile hil zituen. Administrazio Kontseiluan Dubreuil sartu izana EAJ eta PSE-EEren arteko balizko fabore trukeen ondorio izan zitekeela jaso zuen Garak.
EAEn 6.300 milioi AHTrentzat
Asteleheneko agerraldian aditzera eman zutenez, 6.300 milio euro bideratu dituzte honezkero AHTa EAEn eraikitzeko obretara. Konparaziorako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikarako Departamentuaren 2018ko aurrekontua 253 milioi eurokoa da. Hau da, kultura eta hizkuntza politikara 25 urtez bideratutako diru guztia baino gehiago gastatu dute AHTko obretan. 6.300 milioi baino handiagoa izango da azken kopurua, oraindik zenbait obra bideratzeko baitaude.
Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak poza adierazi du EAEko AHTren obrak “erritmo onean” ari direlako garatzen. Lakuaren ardurapean dauden 17 obretatik 12 osatuta daudela azpimarratu du, eta gainerakoez "%70-80an daudela" aipatu du.