argia.eus
INPRIMATU
Txina zaharreko ipuinak VI
Jostorratza
  • Jexux Eizagirre Portillok Txinako ipuin zaharrak bildu, hautatu eta hauen bertsioak idatzi ditu. ARGIAk egunean ipuin labur bat jarriko du irakurgai, eta ikusentzun ere egin ahalko ditugu, Pako IEizagirre Irureren ahots ederrez irakurriak eta Maitane Gartziandiaren ilustrazioek jantziak.

Jexux Eizagirre Portillo 2020ko apirilaren 11

Amona zahar bat ari zen – Hubei lurraldean –, farol baten argitan, zerbaiten bila, etxe aurrean. Handik bertatik pasatzen zen jendeak galdetu zion:

– Zeren bila zabiltza, amona?

– Jostorratzaren bila.

Eta denak jarri ziren jostorratzaren bila, etxe aurrean, farolaren argitan. Halako batean, galdetu zioten amonari:

– Non galdu duzu jostorratza, amona?

– Etxeko sukaldeko txokoan – amonak.

– Eta etxe aurrean zabiltza bilaka?

– Hemen argi ederra baitago – amonak –, eta, sukaldeko txokoan, berriz, ezta batere.