Torturaren Aurkako Egunak gogora ekartzen du praktika horrek Joxe Arregi hil zuela duela 41 urte, baina kasuak ugariak dira Euskal Herriko ia edozein txokotan. Josefi Sagastizabal Iraragorri da horren adibidea. Arrankudiagan bizi zen emakumeak bortizkeria izugarria jasan zuen bere semeak kartzelan zeudela, eta egileek inplikazioa izan zuten gerra zikinean eta Otsailaren 23ko estatu kolpean, inpunitate osoz.
Josefi Sagastizabal Iraragorri nagusien egoitza batean bizi da egun, baina 1975ean Arrankudiagako Uribarri auzunean zuen etxea. Urte horretako urriaren hasieran, bere bi semeak kartzelan zeudela ETAn militatzeagatik, Guardia Zibila bere baserrian agertu zen eta atxilotu egin zuen. Kolpeak berehala heldu ziren, eta bere aurka ez ezik, bere txakurraren kontra ere bideratu zituzten, animalia ia hil arte.
1975ean Guardia Zibilak Josefi Sagastizabal Iragorri atxilotu eta hamar egunez torturatu zuen. Gernikako kuarteleko berogailu batean biluzik lotu zuten, jipoitu eta umiliatzen zuten bitartean
Arrankudiagatik Gernikako kuartelera eraman zuen Guardia Zibilak arrankudiagarra, eta hamar egun igaro zituen han. Bortizkeriaz beteriko egun amaigabeak izan ziren. "Biluztu ninduten eta berogailu batera lotu ninduten, kasernaren igarobide batean, han egon nintzen galdeketek iraun bitartean. Herriko atxilotu batek ikusi ninduen egoera horretan, eta Guardia Zibilei aurpegiratu zien nire egoera onartezina zela", gogoratu du Sagastizabal Iraragorrik.
Emakumeak jipoiak, ostikoak, ukabilkadak eta umiliazioak jaso zituen etengabe, leporatzen zizkioten akusazioak ukatzeagatik. Izan ere, Guardia Zibilak uste zuen ETAko komando bat ezkutatzen zuela baserrian. Nahiz eta hori ez onartu, Basauriko espetxera bidali zuten torturaren markak desagertu arte. Han bai, presoak zein kartzelazainak izututa geratu ziren bera ikustean. "Guztiz more eta birrinduta nengoen", oroitu du. Esperientzia beldurgarriaren alde on bakarra izan zen presondegian hainbat lagun egin zituela eta urte luzez mantendu zituela adiskide horiek.
Askatu zutenean, 25 egun geroago, Gasteizera jo zuen, ziur baitzegoen Guardia Zibilak bere etxea zelatatzen zuela. Ez zuten tokia behatuta izatearekin nahikoa izan, eta polizia "inkontrolatuek" lehergailua jarri zioten baserrian. Bonbak ez zuen eztanda egin, baina gerra zikinaren beste atal bat izan zen. Inguruko auzokideek egilea ere identifikatu zuten: Lucio de Sousa Robledo guardia zibila. Agente bera zigortua izan zen 90eko hamarkadan, 1981ean ETAko militante baten aita, Tomas Linaza Euba, modu basatian jipoitu eta torturatzeagatik.
Sagastizabal Iraragorriren seme Txomin Egiluzek azaldu du esperientzia latz horrek sekulako orbainak utzi zizkiola amari. Zapalkuntza ez zen gauza berria beretzat. Basauriko San Migel auzunekoa zen eta euskalduna izan arren, ez zuen jende aurrean hitz egiten bere hizkuntzan. Semeei eurei ere ez zien irakatsi. Langile borroketatik hurbil egon zen eta, esaterako, beharginak babestu zituen Bandas de Etxebarri greban.
Edonola ere, Sagastizabalek ez zuen espero bizi izandakoa egokituko zitzaionik. Txomin Egiluzek azpimarratu du bere amari arlo psikologikoan aztarna sakona eta mingarria utzi ziola torturak: "Horrez gero, beti egon da beldurrez. Amesgaiztoak zituen guardia zibilekin eta izutzen zen, uste baitzuen berriro atxilotuko zutela. Polizia ikusten zuen edonon. Pentsatu beharra dago nire ama ez zela pertsona politikoa. Bere semeak espetxean zeuden eta bakarrik zegoen, alarguna baitzen. Halaber, baserritarra izan zen bizitza osoan, beretzat Guardia Zibila erakunde bat zen; eta horrela tratatu zutenean, sekulako trauma sortu zioten".
Torturaren marka fisikoak laster desagertu baziren ere, min psikikoa eta beldurra betirako geratu dira Josefi Sagastizabal Iraragorrirengan
Sagastizabalen beldurrak, gainera, arrazoizkoak ziren, bi aldiz gehiago atzeman baitzuen Guardia Zibilak, 1976an eta 1977an, bere semeekin eta koinatarekin batera. Egiluzek ziurtatu du, oraindik ere, beldurra ez dela desagertu.
Gainera, diktadura amaitu zenean, demokrazia berriaren teknika errepresiboak probatzeko aukera izan zuen. 80ko hamarkada amaieran Iñaki Egiluz semea atxilotu zuten ETArekin lotuta. Espetxealdiko urteetan hamaika kartzela ezagutu zituen sakabanaketaren ondorioz: Badajozen, Tenerifen, Andaluzian, Huescan... Beti urrun.
Txomin Egiluzek gogoratzen du zein gogorra zen bidaiatzea bere adineko emakume batentzat, eta abenturak bizi izan zituen Blanca Antepararekin, besteak beste. Hala eta guztiz ere, ez zion uko egin bere semea bisitatzeari eta, hori ez ezik, presoen senideekin mobilizatu zen astero Bilbon, osasunak ahalbidetu zion arte.
Sagastizabalek bi torturatzaileren izenak ezagutu zituen. Alde batetik, Juan Manuel Hidalgo Salas, bestetik, Francisco de Burgos Nuñez "Patxi".
Juan Manuel Hidalgo Salas Gernikako kuarteleko kapitaina zen eta informazio burua zen zonaldean. Bere kondaira guztiz iluna da. Besteak beste, ezaguna egin zen Josu Arrizabalaga ondarrutarrari ongi etorria egin ziolako kasernan mailu batez burua kolpatuta.
Josefi Sagastizabal torturatu zuten bi Guardia Zibilek ibilbidea oparoa egin zuten indar armatuen barruan, nahiz eta horietako batek 23-F deituriko estatu kolpean parte hartu, inoiz ez zuten inolako akusaziorik izan euren kontra
Horrez gain, Fuerza Nuevako kidea zen eta talde parapolizialekin lotura estua zuela uste dute Ibon Meñika IPES taldeko kideak eta Ibai Alzaga Mungiako Haizetara Elkarteko ordezkariak. Biek Gara egunkarira bidalitako eskutitzean laburbildu dute garai horietan eskuin muturreko taldeek utzitako ekintzak: "1973an Guardia Zibilek Fruizen tiroz akabatutako Joaquin Diestre gasteiztarraren erailketa; 1974an guardia zibilek kontrol batean tiroz larriki zauritutako Pedro Bilbao gernikarraren kasua; 1975ean guardia zibilek Mungiako Zigor dantzalekuko atean tiroz akabatutako Alfredo San Sebastian plentziarraren erailketa; 1975ean guardia zibilek Gernikan tiroz akabatutako Blanca Salegi eta Iñaki Garai senar-emazteen erailketa; 1975ean zehar Busturialdeko hainbat herritan egin ziren negozio zein etxebizitzen aurkako erasoak (leherketak, tiroketak…); 1976an ezezagun batzuek Mungiako Jai Alai tabernaren aurka egindako tiroketa; 1976an ezezagun batzuek Nicolas Madariagaren Bakioko etxean leherrarazitako lehergailua; 1976an zenbait ultrak Bermeon, Mundakan eta Gernikan ehunka autotan egindako gurpil zulaketak...".
Hala eta guztiz ere, Hidalgo Salasek ibilbide oparoa egin zuen demokrazia garaian, ardura postu ugari hartuta toki anitzetan.
Francisco de Burgos Nuñez izan zen beste torturatzaileetako bat. Berari dagokionez, Sagastizabalek ikusi zuen bere atxiloaldian metraileta batekin heltzen kasernara, eta "bat gutxiago" esan zuela. Geroago ulertu zuen Guardia Zibila Iñaki Etxabe hiltzetik itzuli zela. Ekintza hori jotzen dute askok gerra zikinaren lehen hilketatzat Euskal Herrian.
Hala ere, de Burgos Nuñezek ez zion inoiz aurre egin inolako akusazio bati, ezta 23-F deituriko estatu kolpean parte hartzeagatik ere. Izan ere, poliziak protagonismo handia izan zuen Kongresuaren okupazioan. Ez bakarrik kaleko arropa jantzita agertu zelako (modu boluntarioan batu zen operaziora, ez baitzegoen zerbitzuan egun horretan), baita Adolfo Suarez presidenteari isiltzeko agindu ziolako ere.
Hori guztia ez zen nahikoa izan epailearen aurretik igarotzeko. Izan ere, Guardia Zibileko zuzendaritzak eskatu zuen "begirune berezia" izateko berarekin, eta ez da zaila asmatzea zergatik izan zen hori, krimen ugari baitzituen lau haizetara zabaltzeko.
Artikulu honen oinarriak Arrankudiaga-Zolloko Memoria Historikoko taldearen informazioa eta Euskal Memoria elkartearen 'No les bastó Gernika' liburua izan dira.