argia.eus
INPRIMATU
Joseba Zalakain: “Politika sozialetan ditugun hutsuneak betetzen ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak”
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak gurean betetzen duen funtzioaz, duen gastuaz, ustezko iruzurrez eta politika sozialaz elkarrizketa argigarria egin diote Joseba Zalakain SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendariari Noticias Taldean. Hainbat pasarte euskaratu ditugu:

     

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko otsailaren 02a
\"Prestazio unibertsala sortzea inportantea da\", Zalakainen aburuz (Argazkia: Ruben Plaza / Noticias Taldea)

Desoreka gizartean

"Arazo nagusia ez da aberatsak gero eta aberatsagoak direla eta pobreak gero eta pobreagoak, baizik eta gizartearen zati bat, Euskadin biztanleriaren erdira ere iritsi daitekeena, nahiko ongi bizi den bitartean (krisiaren eraginari aurre egin ahal izan dio), beste %50a gero eta okerrago dagoela. Gizartearen polarizazioaz hitz egin daiteke".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

"Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) tresna oso indartsua da eta hau egongo ez balitz, desoreka eta pobrezia askoz handiagoak lirateke. Soldata txikiak dituzten pertsona gero eta gehiagori iristen zaio DBE eta sarrera txikiak orekatzeko baliabide garrantzitsua da. Egia da politika publikoak ez liratekeela soilik pobreziari aurre egitera bideratu behar, prekarietateari ere egin beharko liokete aurre, eta hezkuntza eta enplegu politiketan jarri beharko lukete indarra".

"Politika askok uzten dituzten hutsuneak betetzen ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak. DBEk ordezkatzen ditu etxebizitza alorrean dauden politika hutsalak, langabeziagatik dauden prestazio eskasak, familientzako politika ahulak, pentsio urriak, lan egin ezin duten etorkinak arautzeko arazoak... Gainerako guztiaren adabaki lanak egiten dituen sistema daukagu. Huts egin duena ez da DBE, gainerako guztia baizik".

DBE, gehiegizko gastua?

"Beste herrialde batzuetan dagoenaren parekoa da hemengoa, artaturiko pertsonei eta gastuari dagokionez. Gastua kritikatzen dutenek jakin behar dute Alemaniaren parekoa dela, eta hura ez da preseski gobernu komunista bat, baita Ingalaterraren, Holandaren edo Frantziaren parekoa (...) DBE garestia dela dioenari esango nioke probatu dezala ea zein garesti ateratzen den DBErik ez izatea".

DBE jasotzeko iruzurra

"Gehiegikeriak arlo guztietan ematen dira, eta adibide pila bat ditugu: errenta aitorpenean, Gizarte Segurantzan, langabezian... (...) Ahulena salatzea erraza da eta eztabaida honetan horretatik asko dago".

Behar dugun politika soziala

"Prestazio unibertsala sortzea inportantea da. Hezkuntzan apustu handiagoa ere egin beharko litzateke, denak barne hartuko dituen eskolaren alde, inor atzean utzi gabe. Hezkuntzan eta haurren arretan berriz inbertitzea premiazkoa da, desorekaren gaia oso kezkagarria delako: jaio zaren familiaren arabera ezberdintasunak areagotzen ari dira".