argia.eus
INPRIMATU
Joseba Vizan errefuxiatuaren atxiloketa salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
  • Joseba Vizan euskal errefuxiatuaren atxiloketa salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, prentsa ohar baten bidez. Asteburuan atxilotu zuten Vizan, Brasilen.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 02a

Brasilgo poliziak 2013an atxilotu zuen lehen aldiz Basaurin (Bizkaia) jaiotako errefuxiatua, dokumentu faltsuak izatea leporatuta. Vizanek asiloa eskatu zuen, eta aske utzi zuten eskaera ebatzi bitartean.

Azkenik, asiloa ukatu egin diote, eta horren ondorioz atxilotu zuten joan den ostiralean. Espainiara estraditatzeko prozedura ireki da haren aurka.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak langile borroka eta Vizanen atxiloketaren arteko harremana azpimarratu du maiatzaren 1ean idatzitako prentsa oharrean. Esan dutenez, “atxiloketa hau, estatuen kolaborazioa baino, merkatuen diktadurapean bizi den mundu baten politika zapaltzailearen ondorio gisa ulertu behar dugu”.  

“Errepresaliatuak munduko edozein tokitan babesteko sortu beharreko aliantzak ezin daitezke izan kapitalismoa finkatzeko lan egiten duten ‘Nazioarteko Komunitatea’ delakoarekin, sistema kapitalista suntsitu nahi duten eragile iraultzaileekin baizik”, gaineratu dute.