Joseba Sarrionandia, hemen eta han idazleari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Iurretan. Askondon izango da, 18:30ean.
Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak zuzendu dute lana eta geografikoki bi eremutan kokatua dago: idazlearen jaioterria den Iurretan, batetik; eta egun bizitoki duen Habanan (Kuba) bestetik.
Iñigo Astizek Berrian argitaratu duenez, Iurretako Udalaren laguntza izan du proiektuak eta duela urte eta erdi jarri zuten abian. Zortea izan dutela adierazi dute zuzendariek aipatutako artikuluan, filma martxan jarri zenean idazlearen kokapen zehatza ez baitzegoen ematerik –iazko azaroan Etxepare Institutuko Habanako irakurlea izango zela argitaratu zenean jakin zuen publiko zabalak ordura arte euskal kulturaren mundutxoan sekretu ozen samarra zena–.
Idazlearen bizilekuaz publikoki hitz egin ahal izateak dokumentalaren egitasmoa ere erraztu du eta filmaren egituraketan lagundu: Iurretan hasiko da eta Kuban jarraitu.
Sarrionandiaren ibilbidea eta haren eguneroko bizimodua islatzeaz gain, beste zenbait idazle eta musikari ere agertuko dira dokumentalean, hala nola, Pott Bandan kide izan zituen Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika, edo Sarrionandiaren literaturgintzari buruzko tesia egin duen Eider Rodriguez idazlea.
Larunbat honetako estreinaldiaren ondoren filmak hedapen zabalagoa izateko asmoa dute zuzendariek baina oraindik ez da zehaztu beste emanaldirik izango den.