argia.eus
INPRIMATU
Joseba Sarrionandiak Etxepare Institutuaren irakurletza zuzenduko du Habanan
  • Etxeparek institutuak jakinarazi duenez azarotik aurrera Habanako Unibertsitatean zabalduko duen irakurletzan ariko da idazle iurretarra Euskara hizkuntzaren historia ikastaroa ematen.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 02a
Joseba Sarrionandia, ARGIAk ateratako artxiboko irudi batean.

Euskararen Institutuak Habanako unibertsitatearekin 2015ean egindako hitzarmenari esker Euskara eta Euskal Kultura irakurletza jaso ahal izango dute ikasleek Kuban. Programa akademikoa zuzentzen eta irakasten ariko da Joseba Sarrionandia, duela 30 urte Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenetik erbestean bizi den eta literatura nahiz saiakeran ibilbide oparoa egin duen idazlea.

Sarrionandiak euskararen historia "lexiko-gramatikala eta soziala" landuko du ikastaroan, "Neolitikotik hasi eta gaur egun arte". Azaroaren 22an jarriko da irakurletza martxan eta Kubako euskal komunitateari eta oro har euskal kulturarekiko interesa duen orori zuzenduta dago.

Beste hainbat hitzaldi eta egitasmo ere badituzte esku artean. Asier Altunak Amama filma aurkeztuko du abenduan eta Mari Jose Olaregi euskal literaturaz jardungo da. Horrez gain, aldizkari bat argitaratu eta 2.000 aleko liburutegia osatzeko bidean dira.

Habanako unibertsitateko irakurletza "euskal kulturaren inguruko jarduera akademiko eta kulturalak antolatu ahal izateko egoitza finkoa" izatekoa bokazioz sortu dute.