Joseba Sarrionandia idazleak Huhezik antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) ikasketetan parte hartuko du, Julen Arexolaleiba koordinatzaileak Goienan iragarri duenez. Oraindik "tramite batzuk" egiteke daude, dena den.
EKTren aurtengo gai-ardatza "euskal nazio kulturalaren aurrerabidea" izango da, Arexolaleibak azaldu duenez, eta 1985ean Euskal Herritik ihes egin zuen Sarrionandiak bi hitzaldi emango ditu: "Kanpotik gure herria nola ikusi izan duen eta aurrera begira nola ikusten duen, batetik; eta bestetik, euskal literatura azken hamarkadetan, ze eman duen eta ze erronka dituen".
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohia eta Jesus Egiguren sozialista dira gonbidatuetako beste bi.