Hendaiako irakurraldi publikoak Joseba Sarrionandia idazlearen gainean osatu du aurtengo edizioa, eta ohiko txandakakako irakurketaz gainera, hitz hartze literarioak eta poema errezitatu eta kantatuak eskainiko zaizkio bertaratzen denari, bihar, asteazkena, ekainak 4 dituela.
Ehundik gora irakurle batu dira guztira, tartean bertsolari, idazle, kazetari, politikari, hezitzaile eta artistak, asko eta asko, bertan bizi direnak, baina baita beste zenbait herritatik gehitutakoak ere; esate batera, Azkaine, Bilbo, Donibane-Lohizune, Donostia, Durango, Hondarribia, Maule, Uztaritze edo Ziburukoak.
14:00etatik 17:30 arte, Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da (Txalaparta, 2003) nobela irakurriko da 3 minutuko errelebotan (irakurle bakoitzak 2 orrialde), Hendaiako Mediatekan. Ondoren, eta prentsaurreko labur baten ostean, Hitz Hartze Literarioari ekingo zaio. Besteak beste, Gonzalo Etxebarria tindatzailea, Txomin Peillen eta Aitzpea Azkorbebeitia unibertsitate irakaleak eta Eider Rodriguez eta Xabier Mendiguren idazleak mintzatuko dira Sarrionandiaren obraz. 18:50etik goiti, idazlearen poemak errezitatu eta kantatuko dira. Olerki ugarik du dagoeneko tokia geure memorian, Mikel Laboak, Imanolek, Oskorrik, Fermin Muguruzak edo Deabruak Teilatuetan eta Berri Txarrak bezalako taldeek kantatu dituztelako.
Ekimenari amaiera emateko, aperitifa izango da.