argia.eus
INPRIMATU
Joseba Iturbide lesakarra epaituko dute torturapean lortutako adierazpen batzuk froga bezala erabilita
  • 'Hamar urte, ehunka kilometrora, bihotzetik gertu' herri ekimenak Lesakako herriko plazan egin zuen agerraldia epaiketa hau salatzeko. 8 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, Madrilen datorren astean hasiko den epaiketan. Mattin Sarasolak torturapean egindako adierazpenak erabiliko dituzte Iturbideren aurka. Donostiako Epaitegiak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatuak izan zirela ebatzi zuten.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2018ko abenduaren 17a

Abenduaren 19an Ioseba Iturbide lesakarra epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen dio fiskaltzak, duela 11 urteko gertaera batzuk leporatuta. Haren kontrako froga bakarrak, ordea, Mattin Sarasolaren torturapeko deklarazioak direla salatu dute euren senide, lagun eta bizilagunek.

Gogoratuko denez, 2008ko urtarrilaren 6an Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak atxilotu zituen Guardia Zibilak Arrasaten, ETAko kide izatea egotzita. Oihartzun handiko atxiloketak izan ziren, biharamunerako Igor Portu erietxean ingresatu zutelako egoera larrian, jasandako torturen ondorioz. Mattin Sarasola bortz egunez inkomunikatuta eduki eta bortizki torturatu zuen Guardia Zibilak.

Atxiloketa horietatik bi egunera, urtarrilaren 8an, Mikel San Sebastian eta Ioseba Iturbide atxilotzen saiatu ziren goardia zibilak; ez zituzten etxean aurkitu, ordea. Otsailaren 15ean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen. Iturbide aske utzi zuten 2010ko ekainaren 1ean, eta 2012ko urriaren 28an berriro atxilotu zuten, Frantzian. Frantzian jarritako bost urteko espetxe zigorra bete ondotik Espainiaratu eta aske utzi zuen epaileak. San Sebastian oraindikan preso aurkitzen da, sakabanatua.

10 urte beranduago berriz ere epailearen aitzinera deitu dute Ioseba Iturbide, duela 11 urte izandako gertaera batzuk egotzita epaitzeko. Epaiketa honetan Iturbideren aurkako froga nagusiak Mattin Sarasola komisaldegian egindako adierazpenak dira. Ezin ahantzi Donostiako Epaitegiak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Igor Portu eta Mattin Sarasolak tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zutela. Horrek Sarasolaren deklarazioaren balioa "erabat zalantzan jartzen" duela ondorioztatzen du Lesakako herri ekimenak, torturapekoak direlako. "Eta hori da Iosebaren aurka daukaten froga bakarra: torturapean ateratako deklarazioak", ziurtatzen dute.

"Ioseba Iturbide herritarrari babesa eskaini nahi diogu epaiketa honen aitzinean. Froga bakarrak torturapeko deklarazioak izaki ez da onargarria epaiketa bat egitea. Are, Estrasburgoko epaiaren ondotik, tratu txarrak frogatu ondotik, ez dugu onartzen Mattinen torturapeko deklarazioak froga moduan erabiltzea", esan zuten atzo herriko plazan.

"Euskal Herrian bake eta normalizazio politikorako aro berri bat ireki da azken urteotan. ETA erakundeak pauso sendoak eman ditu norabide horretan; Estatu espainiarrak, ordea, iraganeko errepresioaren zurrunbiloan harrapatua segitzen du. Euskal gatazkari behin betiko irtenbidea emateko garaia da, kartzelak hustutzeko, presoak Euskal Herrira ekartzeko… Bide horretan Iosebaren kontrako epaiketa oztopo bat baino ez dela salatzen dugu".

Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.