argia.eus
INPRIMATU
Joseba Intxausti hil da, historialaria eta euskal kulturaren sustatzailea
  • Joseba Intxausti Rekondo (Segura, 1936 - Donostia, 2023) hil da, Jakin aldizkariko zuzendari izandakoa eta euskararen historia sozialaren ikertzailea eta euskal kulturaren sustatzailea. Liburu eta artikulu ugari idatzi zituen bere bizitzan eta hainbat elkarteren sorrera bultzatu zuen, tartean UZEI terminologia eta lexikologia zentroarena.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko abuztuaren 18a
Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalea. Argazkia: Foku / Andoni Canellada

Euskal kulturgintzan ibilbide oparoa egindakoa zen Joseba Intxausti segurarra. Ostiral honetan hil da 87 urte zituela. Fraide frantziskotar izandakoa, Arantzazun eta Erriberrin ibilia eta historia ikasketak Bartzelonan egina, hiztegigintzan eta hizkuntzaren modernizazioan aritu zen buru-belarri bere bizitzaren zati handienean.

Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan zen eta aldizkari horien baitan sorturiko mugimenduan aritu zen, Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai, Paulo Agirrebaltzategi eta beste batzuekin batera. Arantzazun 1968an euskara batua sortzeko bileretan hartu zuen parte Intxaustik.

Hainbat ekimen eta elkarte bultzatu zituen, tartean UZEI lexikologia eta terminologia zentroaren eta Bidegileak bildumaren sorrera. Gainera, Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri egitasmoan eta Kulturaren Euskal Fundazioan ere aritu zen, azken honetan idazkari nagusi izan zen. Euskararen akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean eta ohorezko euskaltzain 2004an.

Intxaustik lan ugari utzi ditu idatzita. Berea da, esaterako, Euskal Aditza (Itxaropena, 1960) liburua, eta Euskal Herria entziklopedia zuzendu eta koordinatzen aritu zen. Jakin-ek bere obra osoa paratu zuen interneten duela urte batzuk.

"Ni euskararen mundutik nator, eta nahiago baduzu, etnografiatik, eta historia luze harrigarri batetik –azaldu zion Miel A. Elustondori, ARGIArekin 2005ean egindako elkarrizketan–. Segur aski ez inorenak baino hobeak, baina neuri suertatu zaizkidanak: gurasoak bezala, senide eta osaba-izebak bezala, lurra bezala, garaia bezalaxe… giza askatasunak dituen muga naturalak. Nik ez dut hori patu gaizto bat bezala bizi nahi: neureak ditut, eta akabo! Eta eroso!".

Elkarrizketa zabal horretan kontatzen ditu Intxaustik bere ideia eta bizitzako pasarte ugari.

Joseba Intxausti 1993ko elkarrizketa batean. Argazkia: Leire Arzuaga / ARGIA

 

1989ko irudia, Intxausti bere bulegoan lanean. Argazkia: ARGIA artxiboa.

 

Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxean 1976an, Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Argazkia: Pedro Loubet