argia.eus
INPRIMATU
Joseba Asiron izendatu dute Iruñeko alkate
  • Ez da ezustekorik izan eta eguerdian hautatu dute alkate Joseba Asiron, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinen zentsura mozio aurrera atera ondoren. Izendapena kantuz eta alaitasunez ospatu dute Iruñeko Udaletxe plaza betetzen zuten herritarrek.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abenduaren 28a

Zentsura mozioaren osoko bilkura hasi denean UPNk berriro jarri du agerian oposizio gogorra egingo duela eta taldeen parte hartzeko denborari buruzko eztabaida eraman du aretora. Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotziak egin du ekitaldiko gidari lana eta Cristina Ibarrolak eta Joseba Asironek sei minutuko parte hartzeak izango zituztela erabaki du. UPNkoek hamar minutukoa izatea nahi zuten, baina Martinezen eskumena gailendu da.

Bitartean, kaleko giroa ere sartu da udal aretora eta Udaletxe plaza bete duten herritarrek “UPN kanpora” oihukatu dute etengabe, kantuan eta festa giroan. Martinezek hitz eman dio Asironi, baina honek uko egin dio hitz egiteari, eta taldeen txandan berdin egin du gero EH Bilduk.

Azken asteotan PSNren aurka eskuin eta eskuin muturrak zuzendutako mezu andana gogorra luzatu die Ibarrolak PSNko zinegotziei, hiriari traizio egin izana leporatu die eta “beren zerrendetan terroristak eramaten dituen eta terroristek zuzentzen duten” EH Bilduri sostengua ematea leporatu die. Burua tente doala gaineratu du, harro dagoela eta minduta doala PSOEk esku artean erabili duelako”.

PSN: “Garai berria irekitzen da Iruñean”

Marina Curiel PSNko bozeramaileak tinko erantzun dio Ibarrolari eta leporatu dio kudeaketa agintzailea eta iluna egin izana. Ibarrolak, halaber, titulu historiko bat ere izango duela, “zentzura mozioz Iruñean kendutako lehengo alkatea izatea”. Zinegotzi sozialistei zuzentzen zaizkien irainak onartezintzat jo ditu eta Iruñean garai berria irekitzen dela zehaztu du.

PPko Carlos Garcia Adanerok zentsura mozioa Espainian bizi den politika giroan sartu du bete-betean eta, Espainiako Gobernuaren akordioen baitan, Pedro Sanchezek Iruñeko alkatetza eman diola EH Bilduri. Geroa Baiko Mikel Armendarizek azken bost urteetako geldialdia aipatu du eta zentsura mozioak egoera horri irtenbidea emango diola zehaztu du. Elkarbizitza eta errespetua azpimarratu ditu aurrera begirako balore garrantzitsuenetako gisa. Azkenik, Contigo Zurekineko Txema Mauleonen txanda izan da, eta batez ere tolerantziaren inguruan jardun du; eskuin muturrak horrenbeste erabiltzen duen “gu edo haiek” ikusmoldea erabiltzea leporatu dio UPNri, eta zubiak eraikitzeko ordua dela eta ez harresiak altxatzekoa.

Asiron: “Kontsentsua, begirunea eta bizikidetza”

Ondoren, Koldo Martinezek aretoaren erdira ateratzeko eskatu dio Asironi, eta karguari zin egin ondoren eta aginte makila eskuratuta, hitzaldi laburra egin du hiru printzipio nagusi aipatuta: kontsentsua bilatuko duela, desberdin pentsatzen duenarekiko errespetua eta elkarbizitzarekiko konpromisoa. Gero udaletxeko balkoira atera da, “Asiron, Asiron” oihu artean. Ekitaldi osoa hemen jarraitu daiteke.

Euskalerria Irratiak horrela jaso du Asiron eta zinegotzi talde bat plazara atera diren unea: