argia.eus
INPRIMATU
Jose Moreno San Andres batailoiko gudaria hil da
  • 1936ko gerran San Andres batailoian izan zen Jose Moreno gudaria hil da 100 urterekin. Bilbon jaio zen 1918an, eta diktadura frankistaren errepresioa pairatu zuen kartzelan eta lan behartuetan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 27a
Jose Moreno artxiboko argazkian.

Bilboko Santa Marina ospitalean hil da Jose Moreno ehun urterekin; 1936an, 17 urterekin, San Andres batailoian eman zuen izena faxismoaren aurka borrokatzeko. Lehenik zulatzaile ibili zen, lubakiak egiten, eta fusilari ondoren. Santoñako gertakarien ostean, Mussoliniren tropen esku izan zen preso.

Zaragozako Jaulin herriko kontzentrazio esparruan lan behartuak egiten aritu zen, errepideak egiten. Egun batean gainezka egin zuen Morenok, eta ondokoa esan zuen gazteleraz: “Denak faxistak bihurtu dira”. Pistola batez mehatxatu zuten, eta gauean “paseatzera” aterako zutela uste zuen Morenok, baina azkenean ez zuten hil. Epaitu eta kartzelan sartu zuten, “matxinadari laguntzea” egotzita. 1939an izan zen epaitua, eta urte beraren amaieran absolbitu zuten, baina soldadutza egitera bidali zuten.

Azkenean, 1941ean itzuli zen Bizkaiara, eta Portugaleten hasi zuen berriz bizitza, baina errepresioa eta jarraipena egunerokoa zela esan zion ARGIAri elkarrizketan: “Eta Bilbora etorri nintzenean, nik usteko ez nuena, errepresio gehiago, behin ere amaituko ez zena. Esaterako, jarrera oneko ziurtagiria eskatzen hasi ziren, edozertarako. Hasteko, lanerako”.

1936ko gudarietan ezagunenetariko bat izan da, publikoki asko agertu baita azken urteetan. Artxandako omenaldian urtero izan da, adibidez. 2016an, Barakaldon, Frankismoaren aurkako Argentinako kereilan deklaratu zuen.

Bi liburutan jaso dute bere bizitza: Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia (Alberdania, 2011) eta Fernando Pedro Perezen Jose Moreno Torres, el último gudari del San Andrés liburuan (2014).