argia.eus
INPRIMATU
Jose Mari Zabala izango da San Telmoren “Museo bikoitza” egitasmoko protagonista
  • Erlea Manerosek aukeratu du egitasmo honetarako Irunen sortutako artista multidiziplinarra. Urtebetez bere proiektu artistikoa garatzeko aukera izango du Donostiako museoan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko ekainaren 24a
Erlea Maneros eta Jose Mari Zabala (argazkia: Oskar Moreno).

Mikel Laboaren Bat-Hiru diskoa (Herri Gogoa / Edigsa, 1974) entzun duenak ongi gogoan izango du lan horretako gitarra elektrikoen atmosfera berezia, beste planeta bateko soinuak molde konbentzionalagoetara ohituta zegoen garaiko euskal entzulearentzat. Jose Mari Zabalaren eskuetatik ateratako notak ziren. Jose Mari Zabala izan zen, halaber, 1975ean Donibane Lohizunen eta hurrengo urtean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Axut film esperimentalaren zuzendaria, akaso euskal zinemaren historiak behar bezainbeste baloratu ez duen lana. Jose Mari Zabala margolaria ere hor dago, marrazkilaria, argazkilaria, soinu ekoizlea. 1949an Irunen jaiotako artista multidiziplinar honek ia denetik egin du eta egiten jarraitzen du.

Donostiako San Telmo museoaren “Museo bikoitza” egitasmoko protagonista izango dela jakin genuen astearte honetan: urtebetez proiektu artistiko bat martxan jarriko du museoan bertan. Erlea Maneros artistak hautatu du proiektu horretarako eta aurkezpenean Zabalaren ibilbide artistikoa goratu zuen, baita honen independentzia nahia ere. Ez Dok Amairuko kidea izan zen Zabala eta Manerosek gogoratu duenez, euskal kulturak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadan izandako berpizkundearen partaideetako bat ere bai.

Duela bi urtetik dago martxan “Museo bikoitza” San Telmon, Asier Mendizabalek proposatutako ideia batetik abiatuta: artista bat aukeratzen da Donostiako Parte Zaharrean dagoen museoan urtebetez proiektu bat gara dezan. Programaren berezitasunetako bat da, aukeratutako artista bakoitza aurretik aukeratua izan dela –Ibon Aranberrirekin hasi zen, honek Erlea Maneros aukeratu zuen eta Manerosek, esan bezala, Zabala–.

Artista irundarra pozik agertu da aurkezpenean, aukera berri honengatik. “Ohore handia da eta ardura handia ere bai, horrelako ibilbide puska duten artistak nitaz akordatu izana proiektu honetarako. Espero dute haien mailan izango naizela”, adierazi du. Gaztetan San Telmo museoa bisitatzea familientzat ohiko plana zela ere aipatu du. “Hori guztia asko aldatu da eta museoa orain askoz osoagoa da orduan baino, baina sakonean badago izaera herrikoi eta hurbilekoa berreskuratzeko gogo hori”.