Ezker abertzaleko militante historikoari 2010etik daraman orkatiletako telematikoa kendu diote gaur arratsaldean. Ostegunean eguerdiko 12:00etan lehen harrera egingo diote Bergarako Munibe plazan.
Jose Luis Elkoro 2010ean irten zen espetxetik, baina ordudanik orkatiletako telematiko batekin egon da, eguneko ordu gehienetan etxetik irten ezinik. Bost urteotan astero joan behar izan du Martuteneko espetxera paper bat sinatzera, eta ekitaldi politikoetan parte hartzea debekatu dio epaileak.
Ostegun eguerdian erabateko askatasunean geratzekoa zen, baina espetxetik deia jaso ondoren asteazken arratsaldean libre geratu da; Naiz.eus-ek eman du albistea. Elkoro kaleratzeko sortutako Mugituko Da plataformak ARGIAri azaldu dionez, ostegunean bergarar ugari joatekoa zen Martutenera bi autobusetan eta, euren ustez, espetxeko arduradunek hori saihestearren aurreratu dute libre uztea. Nolanahi ere, Elkoro "pozik" dagoela azadu dute plataformakoek eta ostegunean eguerdiko 12:00etan lehen harrera egingo diote Bergarako Munibe plazan.
Hurrengo egunean, irailak 4, arratsaldeko 19:00etan Bergaran antolatu Bakea eta batasuna ekitaldi politiko antolatu dute. Bertan, besteak beste, Arnaldo Otegiren idatzi bat irakurriko da, eta Bergaran alkate izandako guztiek hitz egingo dute, baita Elkorok berak ere.
1935ean jaioa, 80 urte ditu Elkorok eta 1976ko alkateen mugimenduan giltzarri izan zen. Urte luzetan politikara emana, 1997an atxilotu zuten HBko mahai nazionaleko beste kideekin batera. 18 hilabete egin zituen espetxean.
Epaileak 18/98 auzian inputatu zuen Egin egunkaria itxi ondoren eta 24 urteko kartzelara zigortu. 2009an epai irmoa kaleratu zenean –8 urtera jaitsi zioten zigorra– berriz atxilotu zuten eta 2010ean irten zen espetxetik kontrolpeko baldintza oso gogorrekin.
Mugituko Da plataformak Goienari azaldu dionez, erabateko askatasuna lortzeko gakoa izan da epaileak aintzat hartzea 1997 eta 1998an espetxean igaro zituen hilabeteak –Konstituzio Auzitegiak errugabe jo zituen HBko kideak–.
Irailak 3an Jose Luis Elkorok 8 urteko kartzela zigorra beteko du 80 urterekin eta libre geratuko da pic.twitter.com/8PAfoG27Gj
— Mugituko da (@mugitukoda) August 19, 2015
.