Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren sortzailea, euskal musika garaikidearen arloan erreferentzia izan da Jose Luis Ansorena (Donostia 1929, Iruñea 2019). Kultur ekitaldi ugari dinamizatu eta abesbatza askoren bultzatzaile izan zen besteak beste.
Iruñean hil da asteazkenean Jose Luis Ansorena Miranda; hango kaputxinoetan egin ditu azken urteak. Gazte gaztetik Donostiako kontserbatorioan musika ikasketekin hasia, Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin harmonia, pianoa eta konposizioa ikasi zituen. Ondoren, kaputxinoen apaiztegira joan zen, Altsasura, eta 1953an apaiztu zen.
Kaputxinoen babesean makina bat ekimen atera zituen aurrera musikarekin lotuak, besteak beste San Antonio abesbatza sortu zuen ordena bereko Iruñeko elizan, baita Zaragozan ere.
Baina musikagile eta musika ikerlari ere izan zen Ansorena, esaterako txistua eta txistularien inguruko lan mardula egin zuen. Haren aita, Isidro Ansorena hernaniarra, XX. mendeko txistulari handienetako bat izan zen.
Ikerkuntzarako bere ekarpen handiena, hala ere, Errenterian abiatu zuen 70eko hamarkadan –urte batzuk lehenago lekutu zen herri horretan, eta Andra Mari Abesbatza sortu zuen, baita Oinarri gazte abesbatza ere–. 1973an martxan jarritako Musikaste jaialdiarentzako euskal konposizioen funts bat sortzea ezinbesteko ikusi zuen, hor jarri zituen Eresbil Euskal Musikaren Artxiboaren lehen habeak, zientoka konposizio biltzen hasi eta Errenteriako kaputxinoen lokalean gordetzen hasi zenean.
Horrez gain, dozenaka konposizio ere idatzi zituen eta organo-jole izan zen bizi izan zen toki gehienetan. Ansorenak hainbat sari jaso zituen, azkenetakoa 2011n Eusko Ikaskuntzaren eskutik, kultura sustatzeagatik urtero eman ohi duen Manuel Lekuona saria.
Hil-kapera Errenteriako udaletxeko areto nagusian izango da ostegun arratsaldez eta ostiralean lurperatuko dute Donostiako Polloeko hilerrian.
.