Portugaleteko Elai Alai taldearen eta Nazioarteko Folklore Jaialdiaren sortzaile eta bultzatzaile nagusietakoa izan den Jose Inazio Beitia hil da maiatzaren 20an.
1943. urtean jaioa, Portugaleteko Elai Alai taldearen sorrerako dantzarietakoa izan zen, 1962 urtean, eta ondoren, 1972an Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdia martxan jarri eta zuzendari lanetan aritu zen hainbat hamarkadaz. Gaur goizean, bihotzeko baten ondorioz hil da Jose Inazio Beitia.
Portugaleteko Elai Alairen sortzaileetakoa
Sestaotik Portugaletera aldatu ziren Beitiarrak gaztetxo zirela, eta 1962an, familiak Bailen kalean zuen lokal batean abiatu zen Elai Alai dantza taldea. Dantza taldea bera sortzeko lehen bilera Beitiatarren etxean egin zuten. Hazkunde izugarria izan zuen elkarteak eta bost urteren buruan 600 bazkidetik gora zituen. Elai Alai bertatik sortu zen 1964-65 inguruan Portugaleteko ikastola. Txistulari taldea, abesbatza eta beste hainbat jarduerari babesa eman zion Elai Alaik lehen urteotan.
Folklore Jaialdiaren antolaketan
1972an abiatu zuen Elai Alaik Nazioarteko Folklore Jaialdia eta bertan aritu da laguntzen Jose Ignacio Beitia jaialdiak egin dituen ekitaldi guztietan. 80ko hamarkadatik aurrera jaialdiaren zuzendari aritu zen Jose Ignacio Beitia, eta Euskal Herriko dantza eta kultura elkarteekin eta nazioartekoekin harreman estuak izan dituen gizona izan da.
Oharra: Albiste hau Dantzan.eus gunetik ekarria da lizentzia libreei esker, originala hemen.