argia.eus
INPRIMATU
Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik
  • Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 17a

Jose Ignacio Asensio PSE-EEko kide eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko sailburua, gaur egun Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ere badena, ikertzen ari dira ingurumenaren aurkako delitua egin duen ala ez ebazteko, eta horrez gain, dokumentuak faltsutu ote dituen ere argitzeko eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzak Donostiako Instrukzioko 5. zenbakiko epaitegiari. Asensio ez ezik, GHKko zuzendari teknikoa eta beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

GuraSOSek ekainean aurkeztutako idazki batean du jatorria Fiskaltzaren mugimendu horrek, elkarteak berak jakitera eman duenez. Dokumentuaren arabera, Zubietako hondakinen balorazio energetikorako plantak "hondakin arriskutsuak" sortu zituen 2022an, eta legediak ez du halakorik baimentzen. GuraSOSek ekainean salatu zuenez, ingurumena zaintzeko programaren memorian sartu behar ziren gertakizun horiek, baina ekintza hori "ezkutatzeko" asmoz, "hondakin kode" eta "kontzeptu oker" bana eman ziren, "modu kontzientean".

Horrez gain, hondakin arriskutsu horien parte bat Artaxoara bideratu zuen GHK-k, hango Encofert Sansoain enpresak tratatu zezan. GuraSOSek salatu eta Fiskaltzak bere egin dituen arrazoien arabera, enpresa horrek ez du hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenik.

Lakuara irits daiteke

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetza ere zipriztindu dezake auziak. Izan ere, hondakinen lekualdatze guztiak Lakuari jakinarazi behar zaizkio, baita haien kudeaketari eta garraiori buruzko notizia guztiak ere. Horrela balitz, fiskaltzak ohartarazi du Lakuak espedientea zabaldu behar zukeela ingurumen baimen bateratua ez betetzeagatik.

Fiskalaren arabera, baina, goizegi da ondorioztatzeko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak deliturik egin ote zuen ala ez. Hori argitzeko "polizia ikerketa abiatzea" iradoki du, "susmoak" badaudelako.

Urriaren 17an, Legebiltzarraren bisita Zubietara

Eusko Legebiltzarreko kideen ordezkaritza batek Zubietako erraustegiaren instalazioak ikuskatzeko bisita egingo du asteartean, urriaren 17an. Gaia pil-pilean dago; azken boladan ugaritu egin dira oposizioaren galderak eta agerraldi eskaerak gaiarekiko.