argia.eus
INPRIMATU
Jose de Amezola eta Euskal Herriko lehen urre olinpikoaren historia bitxia
  • Rioko Joko Olinpikoak zeresana ematen ari diren egunotan, lehen urre olinpikoa eskuratu zuen euskal herritarraren historia kontatu du Aiaraldeak. Domina lortzeko modua bitxia izan zen, gaur egun antzeko lorpenek eskatzen duten lehia biziarekin alderatuta.

Aiaraldea @aiaraldea 2016ko abuztuaren 16a
Borobilean nabarmenduta dago Jose de Amezola (argazkia: Teresa Aranguren).

1900. urtean eskuratu zuen Jose de Amezolak zesta-puntako urrezko domina Parisen antolatutako Joko Olinpikoetan, Nazioarteko Erakusketarekin batera, alegia. Ez zuen bakarrik lortu, bikotea osatu baitzuen Santanderreko Juan de Villotarekin.

Egia esanda, lehen domina olinpikoak ez zuen historia berezirik izan. Berez, Iparraldeko bikote baten aurka lehiatu behar ziren, baina horiek uko egin zioten partida jokatzeari eta, ondorioz, garaipen erraza izan zuten Amezolak eta Juan de Villotak.

Batzorde Olinpikoak 2004an zilegitzat jo zituen dominak eta, ondorioz, Jose Amezola da Euskal Herriko lehen irabazle olinpikoa.

Artziniegan ehortzita

Jose de Amezola enpresari garrantzitsu baten semea izan zen eta kirolari aparta izateaz gain, hainbat ardura politiko izan zuen.

Izarran jaioa 1874an, Amezolak Belgikan ikasi zuen, eta Banco de Bilbaoko batzorkidea izan zen. Horrez gainera, Madrilen diputatua izan zen alderdi kontserbadorearen ordezkari gisa. Zehazki, 1914an hautatu zuten horretarako Durangon.

1922an hil zen Jose de Amezola eta Artziniegan ehortzi zuten herriko adopzio-semea baitzen. Geroago Teresa Garay alarguna ere bertan lurperatu zuten. Teresa Aranguren kazetari artziniegarraren aitona izan zen.

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.